Aritz Mutiozabalek Julene Azpeitia ipuin lehiaketako bigarren saria jaso du

Iñigo Gaiton 2021ko abe. 2a, 21:11

'Zerua itsaso zikin bat da' ipuinagatik lortu du lehiaketako bigarren saria Mutiozabalek. Zumaian egin da sari banaketa, gaur arratsaldean.

Gaur, ostegunarekin, arratsaldeko zazpietan banatu dira Julene Azpeitia 34. Ipuin Lehiaketaren sariak, Oxford aretoan egin den ekitaldian. Berrogeita hamar bat herritar juntatu ditu sari banaketak.

Ekitaldia hasitakoan, Zumaiar Onenaren Saria eman diote Antton Peñalbari. Hitzartzean emaztearekin gogoratu da idazlea, eta jakitera eman duenez, harekin egindako bidaia batean hasi zen saritua izan den Medicitarren abaroan ipuina idazten. Esker oneko hitzekin bukatutakoan, zumaiarrak gonbidatu ditu bera ere kidea den irakurle taldean parte hartzera. Ainhoa Illarramendi Zumaiako Udaleko EAJko zinegotzi eta Euskara batzordeko kidearen eskutik jaso du saria Peñalbak; zehazki, 1.000 euroko diru-saria eman diote.

Ondoren, lehiaketako bigarren saritua igo da oholtzara, Aritz Mutiozabal. Maddi Aldalur Euskara batzordeburuak eman dio 1.500 euroko saria zarauztarrari. "Niretzat ohorea da saridunen artean egotea. Tradizio handiko lehiaketa da hau, eta izen handiko idazleak daude sarituen zerrendan. Ipuinari dagokionez, nahikoa zirikatzailea da, eta ez da batere politikoki zuzena...", aurreratu du Zerua itsaso zikin bat da ipuinaren egileak.

Goiatz Labandibar izan da aurtengo Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren irabazlea, eta hari Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eman dio 3.000 euroko saria, Alter Egoak ipuinagatik. Labandibarrek lehen aldiz irabazi du lehiaketa. "Epaimahairen iritziz, lanik onena izan da oso ondo josia dagoelako, kontatu beharrean, esaten ez denarekin ulertzera ematen. Oso era garbi eta zuzenean idatzitako ipuin honek politikoki zuzena izateari kritika egiten dio", eman du jakitera antolakuntzak.

Sari guztiak banatu eta gero, saridunek eta ekitaldian parte hartu duten ordezkariek argazkia atera dute oholtzan, denak batera, eta, segidan, Fito Rodriguez idazleak Literaturaren ihesbideak & ihesbidearen literaturak irakurraldi musikatua hasi du, hiru musikarik lagunduta.