Atzo arratsaldean bildu ziren ETS Eusko Trenbide Sareko arduradunak Mitxelena kaleko bizilagunekin, trenbidean egiten ari diren obren inguruko azalpenak emateko eta herritarren kezkak argitzeko nahiz galderak erantzuteko. Zenbait bizilagun pleno aretoan zeuden bitartean, dozenaka herritar bildu ziren Lege Zaharren enparantzan aurreko asteko ostegunean bezala, pankartaren atzean oihuka eta txistuka. Oposizioko udal taldeetako ordezkariak minduta agertu ziren bileran egoteko aukerarik izan ez zutelako.
Egiten ari diren lanek 2023ko abendura arte irautea aurreikusten dutela azaldu zuten batzarrean, eta "tamalez", Mitxelenako bizilagunen kalterako dela onartu bazuten ere, "gauez eta asteburuetan" lan egitea ekarriko duela horrek.
Mitxelenakoek beren aldarrietan horrenbeste aipatzen duten trenbide bikoitzari dagozkion azalpenak ere eman zituzten. 2023ra arte trenak zerbitzua eman ahal izateko behin-behineko geltokia eraikiko dute egun dagoena baino apur bat ekialderago, eta geltoki hori nasa bakarrekoa izango denez, trenak gurutzatu ahal izateko ari dira eraikitzen bigarren bidea, Zelai azpibidearen paretik Mondra ingururaino.
Geltoki berria eraikitzen denean, eta behin-behineko geltokiak funtzionatzeari uzten dionean, bere horretan mantenduko dira tarte horretako bi bideak, eta bietako bat "aparkaleku trenbide" gisa erabiliko dute; hain zuzen ere, Lapurdi kalearen aldera emango duen trenbidea izango da hori.
Trenbidean egiten ari diren lanek Zarautzi bakarrik ez diotela eragiten azaldu zuen Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendariak. "Zumaia-Hendaia konexioan hobekuntzak" egiten ari dira, eta lan orokor horien barruan kokatzen da Zarauzko esku hartzea.
Komunikazioa
Bileran behin eta berriro errepikatu zuten bizilagunek "informazio falta" egon dela prozesuan, eta "zutabeak etxe aurrean jarri" zizkietenean eta "zarata pixka bat egiten hasi" zirenean jakin dutela zein den proiektua. Zarauzko Udalari ere zuzendu zaizkio bizilagunak informazio faltaz galdetzean. Xabier Txurruka alkatea bertan izan zen, eta prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen. ETSk eta udalak tren geltoki berriaren inguruko hitzarmena sinatu zuten 2018an, eta bizilagunek galdegin zioten atzo ea udalak ba ote zuen Mitxelena kalean egitekoak zirenaren berri.
Txurrukaren arabera, udalak zeresana dauka eta onespena eman behar die proiektuan, "hirigintzari dagozkion puntuetan soilik". Kasu honetan, tren geltoki berriari buruzko informazioa zabaldu zuen udalak, baina ez trenbideari buruzkoa, "eremu horretan eskumen osoa daukalako ETSk, eta udalak ez daukalako bertan egiten denean esku hartzerik". ETSko arduradunengana zuzenduta, bizilagunek azpimarratu zuten beraietako inork ez duela ikusi obraren proiektua, bilatzen ahalegindu badira ere. Zentzu horretan, bileran zeuden ETSko aholkulari juridikoetako batek esan zuen "lehenago ez galdetu izanak" ez duela esan nahi "ezkutatu egin denik", eta Martinez de Cabredoren arabera, gainontzeko obra guztiek bezalako prozedura izan du Zarauzkoak.
Soinuaren aurkako neurriak
Bi geltokietako obrak amaitu eta trenaren trazadura aurreikusi bezala egokitu ondoren, bi geltokien arteko trenbide zatirako beste proiektu bat dauka esku artean ETSk. Oraindik aztertzen ari dira bertako esku hartzea eta ez dago asmo zehatzik, baina Txurrukak proiektu horretan kokatu nahi du Mondra pareko aparkalekuan, Mitxelena eta Lapurdi kaleak lotuko dituen azpibidea.
Horrez gain, ETSko arduradunek soinuaren arazoa konpondu ahal izateko trenbidearen beste eremu batzuetan hartu dituzten neurriak azaldu zizkieten (Donostiako Loiola auzoan, esaterako) bizilagunei. Trenbidearen ertzetan altxatutako barrera moduko batzuk erakutsi zizkieten, eta esan zuten ikertzen ari direla Zarautzen halako neurriren batek balioko ote lukeen. Dena den, material hori une honetan oraindik industrializatzen ari direla azaldu zuten.