'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlanarentzat, Azpeitiko Antzerki Topaketetako ikusleen saria

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 3a, 16:00
Kulturaz kooperatibako, udaleko nahiz Kamikaz kolektiboko ordezkariak. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketetako publikoaren saria banatu dute gaur. Amancay Gaztañaga zestoarraren, Erika Olaizola azpeitiarraren eta Iraia Elias zarauztarraren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana izan da irabazlea. 600 euroko saria jaso dute. 

Joan den azaroan egin zituzten Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketak, eta hilabete batez, hainbat obra ikusteko aukera izan zen herrian. Antzezlan bakoitza amaitzean, publikoak botoa emateko aukera izaten du, eta gaur jakinarazi dute zein izan zen ikusleen babes handiena jaso zuen obra. Hain zuzen ere, Amancay Gaztañaga zestoarraren, Erika Olaizola azpeitiarraren eta Iraia Elias zarauztarraren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi izan da ikusleei gehien gustatu zaiena. 600 euroko saria jaso du hirukoteak.

Hiru aktoreez gain, Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburua, Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako ordezkaria eta Ander Ugarte zinegotzia izan dira Dinamoa sormen gunean egin duten sari banaketa ekitaldian. Albizuk nabarmendu duenez, Antzerki Topaketek 40 urte beteko dituzte datorren urtean, eta bide horretan, “pixkanaka, euskarazko antzerkiak bere lekua hartu du”. Dena den, esan du oraindik asko dagoela egiteko. “Eta, era berean, asko dago egiteko lanbide honi bere balioa eta duintasuna emateko, eta horretarako, gure alea jartzen saiatuko gara”. Gainera, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi Kulturazek ekoitzitako lana dela gogorarazi du, eta kooperatiba horren lana herriko kultur dinamikan “beharrezkoa” dela azpimarratu. Irabazlea aukeratzerakoan, hiru antzezlanen artean dezenteko lehia egon dela ere esan du, eta hori “maila ona” egon denaren erakusle dela.

Bengoetxeak Kulturazen izenean hitz egin du. “Gu laguntzeko gaude. Herriko egitura bat da gurea, herritik eta herriarentzako sortutakoa, eta horrelako antzezlanak ahalbidetzea plazer bat da”, adierazi du. Gaztañagak, bestalde, aktore taldearen izenean eskerrak emateko aprobetxatu du hitzartzea: “Sorpresaz jaso dugu saria, eta beti da ederra publikoaren saria jasotzea, ikusleak izan direlako obraz gozatu dutenak. Oso eskertuta gaude”.