Bederatzi jardunaldi eta oraindik ez duzue partidarik galdu. Nola da posible?
Urte askotako lana orain igartzen ari da. Orain denek ikusten gaituzte lider, baina ahaztu egiten zaie gu beste taldeak orain dauden bezala hasi ginela. Duela zazpi urte, hogei puntu baino gehiagoko aldeaz galtzen genuen Bartzelonara eta Madrilera joaten ginenean, baina urtez urte, gure helburua hobetzea izan da, eta lortu dugu.
Zertan hobetu duzue azken urteekin alderatuta?
Nire ustez nahiko graduala izan da bilakaera hau. Ez dugu urte batetik bestera sekulako jauzia eman eta dena irabazten hasi. Epe luze batean eman da bilakaera, baina taldean ondo jokatzen zentratu gara; ez hainbeste teknikoki hobetzen, baizik eta talde jokoa hobetzen.
Bestalde, hainbat jokalari on fitxatu ditu aurten klubak, eta horrek ere hobetzen lagundu digu. Hala ere, nire ustez, hobekuntzaren gakoa bakoitzak bere rola zein den garbi izatea izan da, besteak beste.
Blokea mantentzeak ere lagundu dizue?
Egia da Euskal Herrian ez daudela izotz hockeyan aritzen diren hainbeste jokalari, baina gutako askok behintzat urte asko daramatzagu hemen, eta ondo ezagutzen dugu elkar.
Nola ari zarete asimilatzen dinamika bikain hau?
Ez da erraza liderraren rola izatea, eta gainera guk ez dugu inoiz jakin zer sentitzen den. Orain, ligako taldeek gure aurka jokatzen dutenean, ezberdin ikusten gaituzte, eta askorentzat partida garrantzitsuena gure aurkakoa da.
Uste dut oraindik rol hori izatea eta ligaren erritmoa markatzea gureganatzen ari garela, eta ez da erraza izaten ari.
Presioa nabaritzen duzue?
Bai, guztiz. Orain, adibidez, sailkapenaren azken postuetan dauden taldeen aurka gol gutxigatik irabazten badugu, zer gertatzen zaigun galdetzen diogu geure buruari, eta jendea harritu egiten da.
Txuri Urdineko nesken taldea ez da inoiz hain ondo ibili. Ligarekin amesten duzue?
Liga erregularra eta gero kanporaketa fasea dituen liga bat irabazteko, alde batetik, oso konstantea izan behar duzu. Urtea oso gogorra egiten delako, eta gure baldintzak oso onak ez direlako, nahiz eta azkenaldian entrenamenduen ordutegiak hobetu dizkiguten. Bestalde, kanporaketa fasean finalerdietan eta finalean hiruna partida jokatzen dira, eta luze egiten da.
Ia ziur kanporaketa fasean egongo zarete. Fase hori zailagoa izatea aurreikusten duzue?
Egia da azken urteetan ondo moldatu garela kanporaketa formatuko faseetan. Uste dut une horiek motibazioa gehiago azaleratzeko aprobetxatzen ditugula, eta mentalizatuta heltzen gara partida horietara.
Uste dut momentu kritikoetan gure bertsio onena ateratzeko gaitasuna dugula. Izan ere, askotan hobeto jokatzen dugu partida zail bat erraz bat baino. Azken finean, entxufatu egiten gara, eta presio puntu horrek on egiten digu. Izan ere, gure artean konfiantza handia dugu, eta ez gara inoiz bakarrik sentitzen.
Kanporaketako partidetara beti joan izan gara itxaropen handiekin, eta esperientzia politak izan ditugu. Beraz, martxorako eta apirilerako motibazio hori badaukagu. Fisikoki nekatuta gaude, hori bai, urte guztiko nekea nabaritzen baita.