18:30ean abiatuko da ostiralean eskualdeko mugimendu feministak deitu duen manifestazioa

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 7a, 11:04

Udaletxe plazan jarri dute hitzordua, eta Zarauzko Bilgune Feministaz gain, Zumaiako Mugimendu Feminista, Orioko Saltxerak, Mariñak, Malen Etxea eta Morroxkak dira mobilizaziora dei egin dutenak. Joan den astean herrian izandako erasoaz gain, eskualdean beste hainbat eraso matxista ere salatu dituzte azken hilabeteotan, eta aski dela esango dute.

Joan den ostegunean, Zarauzko Bilgune Feministak eta Zarauzko Neska Gazteek gutun bat plazaratu zuten herrian egun batzuk lehenago  izandako eraso matxista "oso larri" baten berri emanez. Gutun harekin, gertaerak zalantzan jarriz herrian zabaldutako zurrumurruak gaitzetsi zituzten eta erasotuari eta haren ingurukoei ahizpatasuna, babesa eta elkartasuna adierazi zizkieten. Baina ez hori bakarrik; nazkatuta, haserre eta amorratuta daudela esan zuten, Zarauzko azkenaz gainera, eskualdean beste hainbat eraso matxista ere izan direlako azken hilabeteotan.

Erasoen aurreko erantzuna artikulatzea erraza ez dela izaten aitortu arren, ziurtatu zuten erasorik ez dela geldituko erantzunik gabe, eta abenduaren 10erako, datorren ostiralerako, mobilizaziora dei egin zuten. Orduan aurreratu zuten eskualdeko mobilizazioa izango zela, alegia, beste herrietako talde feministekin batera antolatuko zutela, eta iluntzean izango zela, Zarautzen. Orain jakinarazi dute Aski da! Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte! lelopean manifestazioa egingo dutela, 18:30ean udaletxe paretik abiatuta. Zarauzko Bilgune Feministaz gain, Zumaiako Mugimendu Feminista, Orioko Saltxerak, Mariñak, Malen Etxea eta Morroxkak dira mobilizaziora dei egin dutenak.