Zarauzko lau ikastetxeetako DBH3 eta DBH4ko ikasleek lainoetan mezuak idatzi dizkiete Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi dien adin bereko gazteei, eta mezu horiek dagoeneko Zumaiako Darahli elkarteko kideen eskuetan dira, haiek arduratuko baitira Saharara eramateaz. Bueltan hango gazteen mezuak jasotzea espero dute zarauztarrek, eta horrela, senidetuta dauden bi herrien arteko elkartasun harremanak sendotzea.
Zarauzko Udalak eta Saharautz elkarteak saharar herriaren egoera ezagutarazteko eta hari elkartasuna helarazteko abian jarritako Sahara Gara ekimenaren baitan gauzatu dute ekimen hori, eta ez da izan egin duten aurrenekoa. Izan ere, azken hilabeteotan DBH3ko eta DBH4ko ikasleak lanketa berezia egiten dute saharar herriaren egoera ezagutzeko. Besteak beste, Sahara 40 urteko exilioa erakusketa eta Haizearen egia dokumentala ikusi dituzte.