Ingurumen Administrazioaren Legea onetsi du Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren botoei esker; oposizioko talde guztiek, kontrara, aurka bozkatu dute. Polemikoa izan da lege proiektuaren tramitazioa, EAJk zuzenketa bat aurkeztu ziolako —PSE-EEren babesarekin—, eta zuzenketa horrekin figura berri bat sortuko delako: interes orokorreko proiektua. Horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat «interes orokorrekoa» dela baieztatzeko, eta, hala eginez gero, udalek ezin izango diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari. Azken finean, Lurralde Antolamendurako Legea aldatu egingo da eta udalei eskumenak kenduko zaizkie.
Zarauzko EH Bilduk mozio bat aurkeztu zu azaroko udalbatzarrean zuzenketa horren aurka. Ion Arozenak azaldu zuen figura hori "Lurralde eta Hirigintza Plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat" dela. "Toki eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzen du, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurralderen barruan ezegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko". EH Bilduk kezka handiz ikusten zuen administrazioaren legea baldintza horietan onartzea. Arozenak, gainera, adibide bat ekarri zuen plenora: "Plan Orokor bat egiten denean, herriak erabakitzen du zer dagoen egitea eta non, eta lege honen emendakin honek egiten duena da balizko ingurumen interes batzuengatik nahiko ez genukeen toki batean, adibidez, araztegi bat jartzea"
Podemos-Equo-Berdeak udal taldeak ere gai beraren inguruko mozio bat aurkezteko asmoa zuen bilkuran, baina EH Bildurenaren antzekoa zenez, koalizioarenarekin bat egin eta berea atzera bota zuen. Oihane Delgado bozeramaileak arrazoitu zuen Lurralde eta Hirigintza Planaren "urratze" bat dela legearen zuzenketa, "interes publiko orokor batzuen mesedetan". Bere esanetan, legea aurkeztu den moduan, "alfonbra gorria jarriko liokete azpiegitura eta instalazio industrialei, merke kutsatuz, eta jendearen osasuna nahiz ingurumena lehenetsi gabe".
PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek adierazi zuen "lege berria guztiz beharrezkoa" dela. Bere ustez, "eguneraketa" bat behar zuen, aurrekoa 1994koa zelako, eta "berrikuntza handiak" ekarriko ditu ingurumenean eta jasangarritasunean. "Ingurumena eta ingurumen politikak babestea du helburu, eta ez udal autonomia erasotzea", azpimarratu zuen kide sozialistak.
Jesus Aranak adierazi zuen Nafarroan ezarrita dutela legea, Espainiako hainbat erkidegotan indarrean dagoela eta Europan ere mota horretako lehentasunak erabiltzen dituztela gidalerroak markatzerakoan. "Jakitun gara gizateria osoak dituen ingurumen erronka handiez, bai globalki bai tokian tokikoak: klima aldaketa, kutsadura, biodibertsitatearen galera, baliabideak xahutzea, itsasoko hondakinen kudeaketa...". Bere esanetan, "EAJk bere gain hartzen du helburu horien interes publiko orokorra, eta duen izaeragatik, ezin du egon tokiko interesen menpe, baldin eta murgilduta gauden klima mehatxuari erantzuteko proiektu estrategikoak oztopatzen baditu".
Zarauzko EH Bilduk aurkeztutako mozioa ez ze aurrera atera, Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EEk aurka bozkatu ondoren.