Bihartik aurrera eman ahal izango da izena Inauterietako konpartsan

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 12a, 09:30

Uda giro izango da aurten landuko duten gaia. Entseguekin urtarrilaren 9an hasiko dira, Aritzbatalde pilotalekuan.

Urte amaitzearekin batera, Inauteriak ate joka hasten dira. Ekitaldi berezia prestatzen hasi dira dagoeneko udalean, eta aurten ez da faltako horrenbeste ikusmin sortzen duen konpartsa. Hain justu ere, bihar zabalduko dute bertan parte hartu ahal izateko izen-emate epea.

Konpartsaren aurtengo gaia Uda giro izango da, eta entseguak Aritzbatalde frontoian egingo dituzte, datorren urtarrilaren 9tik aurrera. Aurtengo koreografiak indibidualak izango direla jakinarazi dute. 8 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte; 10 urtetik beherakoek, gainera, heldu batek lagunduta egon beharko dute.

Abenduaren 22ra bitartean dago zabalik izena emateko epea, eta horretarako jaiak@zarautz.eus helbidera idatzi daiteke edota 943-00 51 19 (Jaiak) edo 688 68 53 66 (Yasmilka) telefono zenbakietara deitu. Inskripzioak 10 euro balio du, eta gehienez ere 180 lagunentzako tokia egongo da.