Abian da Inauterietako kartel lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 16a, 10:00
Naiara Larrañaga, 2020ko Inauterietako kartel irabazlearen egilea. (Iñigo Gaiton)

Urtarrilaren 31 bitartean aurkeztu ahal izango dira lanak Turismo Bulegoan edo Euskalduna tabernan.

Dagoeneko zehaztu dituzte Inauterietako XVIII. Kartel Lehiaketako oinarriak, gaia eta parte hartzeko epe muga. Gaia, edo kartelean idatziz jarri beharrekoa, honakoa izango da: Inauteriak 2022, otsailak 25-28, Zarautz. Kartelean ezingo da beste ezer idatzi. Teknikari dagokionez, egileak nahi duena erabili ahal izango du.

Kartelak aurkezteko epea, berriz, urtarrilaren 31n amaituko da, eta lanak Turismo Bulegoan (Kale Nagusia 30) nahiz Euskalduna tabernan (Kale Nagusia, 37) entregatu daitezke. Ohi bezala, gutunazal itxi batean eta izenburu edo goiburu berberarekin, parte hartzailearen identifikazio datuak adierazi beharko dira (egilea, telefonoa eta IFZ). Gutunazala lanaren atzeko aldean itsatsiko da.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu, eta horiek A-3 neurrian entregatu beharko dira, baita CD-ROM batean ere (TIFF, JPG edo PDF formatuan). 
Oinarriek jasotzen dutenez, jatorrizko lan guztiak egileen jabetzakoak izango dira, saritutako lanak izan ezik. Horiek Euskalduna tabernaren jabetzakoak izango dira, baita aipamenen bat lortzen duten lanak ere. Hala, Euskalduna tabernak eskubidea izango du saritutako lanak argitaratzeko.

Sariei dagokienez, irabazleak 300 euro jasoko ditu, bigarren sarituak 100 euro, eta publikoaren saria eskuratzen duenak, berriz, bi lagunentzako otordua. Herritarren botoak otsailaren 2tik aurrera jasoko dituzte, orduan jarriko dituztelako kartelak udalaren sare sozialetan, Facebook kontuan. Botoak otsailaren 9ko 12:00etara arte eman ahal izango dira. ­