75 kasu berri atzeman dituzte hiru eguneko epean Zarautzen

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 16a, 13:38

Positibo gehien Zarautzen, Orion eta Azpeitian atzeman dituzte. Urola Kostako herri guztietan detektatu dituzte kasu positiboak, Aizarnazabalen izan ezik. Guztira 358 kasu berri baieztatu ditu Osasun sailak.

Seigarren olatuak indartsu jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian argitaratutako datuen arabera, 358 kasu positibo detektatu dira Urola Kostan hiru eguneko epean. Aurreko egunetan gertatu bezala, Zarautzen eta Azpeitian izan dituzte kasu gehien, baina kezkatzekoa da, baita ere, Orion detektatutako positibo kopuru handia. 

Zarautzen 75 kasu atzeman dituzte hiru eguneko epean, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 1.683,30ekoa da. Jaitsi egin da tasa asteleheneko datuekin alderatuta, 47 puntutan, hain zuzen. Ondoko herrian, Orion, beste 60 kasu izan dituzte, eta intzidentzia tasa 2.641,88koa da bertan: 815 puntu igo da tasa aste hasieratik hona.

80 kasu detektatu dituzte Azpeitian astelehenetik asteazkenera bitartean egindako probetan. Horren ondorioz, Urola Erdiko herriak duen 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 2.660,97koa da. Astelehenean plazaratutako datuekin alderatuta, ia 150 puntu jaitsi da tasa hori, baina, hala ere, eskualdeko handiena da oraindik.

Azkoitian beste 45 kasu detektatu dituzte –kasu metatuen tasa 1.418,68koa da–, 38 Zestoan –2.182,85eko tasa–, 24 Zumaian –936,21eko tasa–, hamahiru Aian –1.964,74ko tasa–, 11 Getarian –1.378,09ko tasa–, hiru Errezilen –1.127,21eko tasa–, eta bakarra Beizaman –4.838,71ko tasa–. Hiru egun hauetan Aizarnazabalen ez dute kasu berririk ezagutu; 1.170,35 tasa du gaur-gaurkoz. 

Ospitaleetako egoera

Eskualdetik kanpoko panorama ez da hobeagoa. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 6.624 kasu positibo eman dira azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzaren menpeko erietxetan 299 lagun daude ospitaleratuta, eta Zaintza Intentsibotako Unitateetan COVID-19agatik dauden pertsonak 100 dira.