Aurrera egiteko, urrunera lantegitik atzerrira

Zarauzko hitza 2022ko urt. 2a, 10:00

Eskualdeko enpresek urteak daramatzate beren produktuak atzerrira saltzen, eta beren esperientzia pertsonala kontatu dute muntaketa lanetan ibiliak diren Placido Aranburu urrestildarrak eta Felix Arzallus errezildarrak. 

Lantegitik kanpora joan-etorri asko eginak dira Placido Aranburu (Urrestilla, 1958) eta Felix Arzallus (Errezil, 1959), biak muntaketa lanetan. Iaz erretiratu zen Aranburu, eta duela bi hilabete, Arzallus. Aranburu, esaterako, 14 urterekin hasi zen lanean Azpeitiko Glual enpresan, eta erretiroa ere hantxe hartu zuen. Ordea, lantegi asko eta asko ezagutzen du barrutik. Ez alferrik, 22 urte zituenetik batetik bestera bidaiatzea tokatu zaio, muntaia lanak egiten. "Bittor Agiriano enkargatuak asko erakutsi zigun, hari esker hasi ginen", azpimarratu du. Gertuko herrietara ez ezik, Madril (Espainia) aldera eta penintsulako beste hainbat tokitara joan izan da lanera, baita Norvegiara ere. "Han ikusitakoak gara elurra botatzen San Juan egunez", gogoratu du.

Urteekin, aurrerapen asko ezagutu du Aranburuk tailerrean. Teknologia berriek hobekuntzak ekarri dituzte, eta bidaiatzeko moduak ere aldatuz joan dira. Hasieran bere autoan egiten zituen joan-etorriak. Gero, autoa alokairuan hartzen hasi zen enpresa. Ordea, aurrerapenek ez dute lortu muntaia lanak online azaltzea edo herritik mugitu gabe egitea. "Buzoa daramaten langile asko behar dira oraindik; gure sektorean, behintzat, beharrezkoak dira", esan du barrezka. "Hori bai, materiala hobea da teknologiari esker". Glualen ekipo hidraulikoak eta zilindro nahiz pistoiak egiten dituzte, eta horien muntaia egitera joaten zen kanpora, baita horien mantenua egitera ere. Zumaiako Lagun Artea eta Azpeitiko Sarralle enpresekin ere sarri joan da, haientzat Glualeko piezak jartzera. Mantenu lanak zirenean, hiruzpalau egun pasatzen zituen kanpoan; bestela, hilabete inguru. "Hamabostean behin etxera etortzen ginen; ikusten bagenuen laster amaituko genuela gehiago gelditzen ginen, baina gehienez ere, hiru aste". Ingelesik jakin ez arren, "gaztelaniaz justu-justu", ez du arazorik izan inoiz hizkuntza aldetik. "Norvegian, esaterako, interpretea jarri ziguten, baina azkenerako ondo ulertzen genuen elkar haien laguntzarik gabe ere. Momentu batean gezurretan hasi ziren norvegiarrak, eta ederki ulertu zidaten kargu hartu nienean".

Aranburuk argi du zer den kanpora lanera joatearen alde ona: "Diru gehiago irabaztea". Beste aldean, berriz, ordu gehiago sartzea dago: "Presakako lana izan ohi da, ahalik azkarren amaitzea egin beharrekoa".

Bazterrak pixka bat ezagutzeko aukera ere eman dio lan mota horrek, baina ardura ere handia da. Hainbat langile izaten zituen bere esanetara, berak agindu-takoa berak agindu bezala egiteko. "Gure lana hobetzen saiatzen ginen beti, eta instalazioak ondo egiten, gero arazorik ez emateko".

Bidaia gutxiago egin ditu Arzallusek, baina AEBetara eta Japoniara iritsitakoa da. "Bestela ez nituzkeen toki horiek ezagutuko, eta lanak horretarako aukera eman izan dit". Azpeitiko Biele enpresan 1983an hasi zen, eta han jarraitu du erretiroa hartu arte. "Enpresa asko hazi da garai hartatik, besteak beste kanpora saltzen hasi ginelako. Denborak erakutsi du erabaki zuzena izan zela enpresa handitu ahal izateko". Bera ere ibili da kanpora bueltaka, baina ez asko, urtean hilabete eta erdi edo bi, gehienez. Hasieran Espainian eta Herrialde Katalanetan saltzen zituzten makinak, baina gerora, urrunagora hasi ziren saltzen, Erresuma Batura, Alemaniara, Mexikora... baita lehen aipatutako bi herrialdeetara ere, AEBetara eta Japoniara. Arzallus azken bi horietan izana da, eta bietatik dauka oroitzapen polita: "AEBetan, Charlestonen izan ginen, Hego Carolinan, eta aukera izan genuen Bigarren Mundu Gerrako urpekari bat ikusteko. Japonian, berriz, Fidel Rodriguez zena eta biok ibili ginen muntaketa lanetan. Hark ezagutzen zuen han bizi zen azpeitiar bat, eta bi igandetan elkarrekin ibili ginen Tokio ezagutzen. Oso esperientzia polita izan zen".