9,5 milioi euroko aurrekontua onartu du UKUEk 2022rako

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 20a, 11:00

9.468.137 euroko aurrekontua izango du Urola Kostako Udal Elkarteak 2022. urtean. EAJ-PNVren, PSE-EEren eta Podemos-EquoBerdeen aldeko botoekin onartu zuten proposamena; EH Bilduko hautetsiek, aldiz, aurkako botoa eman zuten.

UKUEko lehendakari Lourdes Salsamendiren esanetan, “azken bi urteak zailak izan dira guztiontzat eta Udal Elkarteak, aurrekontuak onartuta, gure eskualde suspertzeko lanean jarraitu ahal izango du”. Gaineratu duenez, funtsezko hiru ardatz nagusi beteko dira behin aurrekontuak onartuta: “ehun ekonomikoaren babesa eta enpleguaren sustapena, hondakinen kudeaketa eraginkorra eta Urola Kostako etorkizuneko zimendu eta proiektuen garapena”.

Ingurumen arloak eramango du onartutako aurrekontuen %70: 6.525.105,57 euro hondakinak biltzeko zerbitzuetarako, informazio- eta sentsibilizazio-kanpainetarako, hondakinen tratamendurako eta zabortegiaren kudeaketarako bideratuko dira. Puntuz puntu, 150-883,66 euro sentsibilizazio ekimenetarako eta komunikazio planak garatzeko erabiliko dira; 4.151.370,91 euro hondakinak biltzeko zerbitzuei aurre egiteko; 1.752.029,39 euro hondakin organikoen eta errefusaren tratamendurako; eta 470.821,62 euro Urteta zabortegia kudeatzeko.

Hondakinak biltzeko zerbitzuen finantzaketari dagokionez, hondakinen tasaren bidez 4.697.666,30 euro jasotzea aurreikusten duela azaldu du udal elkarteak, eta gainerako finantzazioa kanpo-finantzaketari eta udalen ekarpenei dagokiela.

UKUEren arabera,  bilketa zerbitzua “hobetzea” eta eskualdeko hondakinen sailkatze indizea “%70etik %75era bitartean kokatzea” da datorren urtera begira jarritako helburua. “Nabarmentzekoa da, Zarauzko Garbigune berriaren obrak 2022.urteko urtarrilean hasiko direla”. 

Garapenerako diru partida

Garapen Agentziak aurrekontuaren %21,81a eramango du. “Garapen Agentziak 2022an hainbat zerbitzu eta programa bideratuko ditu: pertsonentzat, laneratzen laguntzeko eta konpetentziak hobetzeko; ekintzaileentzat, ibilbide berrian laguntzeko, egindako lana balioan jarri eta ikusgaitasuna emateko nahiz  enpresak sortzea bultzatzeko; enpresentzat, lehiakortasuna bultzatzeko, eta baita, eskualdeko turismoa sustatzeko ere. Aipatu zerbitzu trinkoez gain, eskualdearentzako estrategikoak izango diren Coworking gune eta Laborategi Teknologikoa, Itsas Kirol Poloa edota energia, mugikortasun eta adimen artifizialaren alorreko hainbat proiektu ere garatuko dira 2022. urtean zehar”, azaldu du UKUEk. 

Horren harira, datorren urterako kontuetan 366.392,55 euroko diru partida jasotzen da “pertsona, laneratzea eta talentua atalerako”. Zerbitzua indartuko dela azaldu du UKUEk, “bereziki, 45 urtetik gorako herritarrentzat, gazteentzat eta baztertze arriskuan daudenentzat. Eta programa guzti-guztietan, irizpide gisara, emakumearen partehartzearen aldeko diskriminazio positiboa  aplikatuko da”. 

Ekintzailetza eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburua baduela ere nabarmendu du udal elkarteak. Horretarako, 1.233.606,79 bideratuko dira guztira. “Horietatik 471.600,03 euro eskualdeko enpresa eta eragileei emango zaizkien dirulaguntzetarako izango dira. Hala, bereziki indartuko dira eskualdeko langabeak kontratatzeko, enpresa berriak sortzeko, enpresen inbertsioetarako eta lehiakortasun enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza indartzeko laguntza ekonomikoak”. 

Zumaiako Soldadura Zentroko Oinarrizko Lanbide Heziketara 291.946,86 euro bideratuko dira, eta eskualdeko turismoaren sustapenerako 173.184,34 euro. Turismoarekin lotuta,  2022.urtea Elkanoren Lehen Mundu Biraren 500.urteurrena izaki, onartutako aurrekontuetan “Urola Kostako bost udalerriak helmuga-turistiko erakargarri gisara sendotzen jarraitzeko estrategia” garatu dela ere azpimarratu dute.

Aurrekontuaren gainerako zatia (%10) administrazio orokorreko zerbitzuetara eta euskara eta komunikazio arlora bideratuko da: “lehentasunez eta estrategikoki,  Euskaraldiaren 3. edizioa eta turismo arloko Ongi Etorri Euskararen Herrira ekimenak indartuz”.

Eskerrak eta elkarlana

Behin aurrekontuak onartuta, UKUEko lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkie PSE-EE eta Podemos-Equo Berdeak taldeetako zinegotziei “eskualdearentzat ezinbestekoak diren aurrekontuei babesa eta konfiantza emanagatik”: EH Bilduko hautetsiei, aldiz, orain arteko elkarlanerako borondate  berdin-berdina adierazi die: “orain arte bezala, eta elkarrekin adostasunetara iristeko, beti izango duzue nire eskua luzatuta”.