Atzo arratsaldean Jokin Eizmendi zarauztarrak laugarren aldiz jantzi zuen harri handietako Euskal Herriko txapela Asteasun, eta gaur eguerdiartean, beste lau zarauztar aritu dira harri txikietakoa janzteko borrokan, Gernikako (Bizkaia) Merkatu Plazan. Eta atzo bezala gaur ere, aurreikuspenak bete egin dira: Mikel Lopetegi Urra-k irabazi du Harri Txikien Euskal Herriko Txapelketa, nagusitasunez irabazi ere. 12.165 kilo altxa ditu denera, bigarrenak baino 1.815 kilo gehiago. Eman duen erakustaldiarekin, argi gelditu da momentuan harri txikietan parekorik ez duela, eta laugarren urtez jarraian txapela irabaztea kasualitatea ez dela.
Urrak hiru herrikide izan ditu parez pare: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Iraitz Arruti eta Xabat Olaizola. Egin beharreko lanak, honakoak: hiruna minutuko txandetan, 125 kiloko harri laukizuzena eta zilindrikoa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kilo bola jasotzea. Guztira kilo gehien jasotzen zituena izango zen txapeldun.
Hona hemen harri jasotzaile bakoitzak egindako lanak:
- Mikel Lopetegi Urra
- 125 kiloko laukizuzena: 30 jasoaldi.
- 125 kiloko zilindrikoa: 30 jasoaldi.
- 112,5 kiloko kubikoa: 21 jasoaldi.
- 100 kiloko bola: 23 jasoaldi.
- Xabat Olaizola
- 125 kiloko laukizuzena: 24 jasoaldi.
- 125 kiloko zilindrikoa: 25 jasoaldi.
- 112,5 kiloko kubikoa: 18 jasoaldi.
- 100 kiloko bola: 22 jasoaldi.
- Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a
- 125 kiloko laukizuzena: 26 jasoaldi.
- 125 kiloko zilindrikoa: 24 jasoaldi.
- 112,5 kiloko kubikoa: 18 jasoaldi.
- 100 kiloko bola: 20 jasoaldi.
- Iraitz Arruti
-
- 125 kiloko laukizuzena: 20jasoaldi.
- 125 kiloko zilindrikoa: 21 jasoaldi.
- 112,5 kiloko kubikoa: 14 jasoaldi.
- 100 kiloko bola: 16 jasoaldi.
Horrenbestez, 104 jasoalditan 12.162,5 kilo jasota, Urra izan da txapelduna; 89 jasoalditan 10.350 kilo jasota, Olaizola gelditu da bigarren; 88 jasoalditan 10.275 kilo jasota, Izeta IV.ak bukatu du hirugarren lekuan; eta 71 jasoalditan 8.300 kilo jasota, Arruti gelditu da laugarren.