Izena eman daiteke dagoeneko San Silvestre lasterketan

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 22a, 09:00

Aurten irristaketako eta helduen lasterketak jokatuko dituzte abenduaren 31n. Aitzitik, haurren proba ez da egingo, eskola kiroleko jarduerak bertan behera daudelako.

Iazko etenaren ondoren, aurten San Silvestre lasterketa izango da urteko azken egunean. Ohi bezala, Antoniano Kirol Elkarteak antolatu du, eta dagoeneko aurrez izena emateko aukera zabaldu du; Helmuga Kirolak dendan egin daiteke, 5 euro ordainduz. Egunean bertan, lasterketa hasi baino lehenago ere eman daiteke izena, baina 7 euro balioko du.

Aurten bi modalitate antolatu dituzte: 17:30ean, irristaketako proba hasiko da, eta 18:00etan, berriz, helduen lasterketa; biak ala biak Musika Plazan hasi eta bukatuko dira, zirkuituari bi itzuli eman ondoren. Antoniano elkarteak jakinarazi du ez dela haurren lasterketarik izango, eskola kiroleko jarduera guztiak bertan behera geratu direlako.

Lehen hiru sailkatuentzat egongo dira sariak, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan. Bestetik, sari berezi bat emango zaio mozorrorik onenarekin korrika egiten duenari. Era berean, Gabonetako hogei lote zozkatuko ditu antolakuntzak parte hartzaile guztien artean.