Iritzia: 'Solstizio urardotua'

Mikel Elorza - Berria 2021ko abe. 23a, 11:30

Mikel Elorzak ondorengo iritzi artikulua idatzi du Berria egunkariko 'Arkupean' atalean.

Seguru xamar dirudi aurten ere neguko solstizioko ospakizunak ez direla ohikoak izango. Iturri lehorreko informazioek diotenez, Mari Domingi eta Olentzero ez ditugu mendian behera ikusiko. Olentzerok urruntze agindu bat daukan zurrumurrua zabaldu da, Mari Domingik tokia ken diezaiokeela-eta erreakzio testosteronatar bat izanda, baina egiaztatu gabe dago, frogak falta. Bestalde, eztabaida ere badute, Olentzerok musukorik ez duela jantziko, ez delako bere mutur gorri ospetsua ikusiko, eta Mari Domingik janzteko diotso, berari bost gaixotzen bada baina jendearekin egotekoa dela, eta erne ibiltzeko, Gotzone Sagarduik harrapatuz gero jai daukatela, oposizioetara aurkeztu ere ezingo direla egin, eta, autonomoak izanik, langabezia-saririk ere ez dutela. Azak ontzeko, duela ez asko elkarretaratzea egin zuten Olentzeroren txabola aurrean, ea kapoiekin zer demontretan zebilen, garai bateko praktika biotorturatzaile horiek... Arazo-olatuez gainezka, bizikidetzaren aldera, etorri ez baina aurtengo gabon kantuetarako bertsoak Felix Zubiari eskatu dizkiote.

Gure tradizio etno-mitologikoaren alternatiba bibliko-monarkikoak ere atarramentu onik ez. Nafarroan ondo dakitenez sortaldetik etorri ohi diren Errege Magoak ere aurten ez omen dira iritsiko. Baltasar izenekoari ez diote COVID pasaportea egin nahi izan, eta bestelako pasaporterik ere ez, eta azkenekoan Bidasoa gauez pasatu behar izan omen zuen, ezkutuan, eta gainera opariak banatzeko momentuan mundu guztiak mespretxua egiten omen dio berak dakarren intsentsuari. Ea intsentsua nork behar duen, zer ostia da hori, sosak nahi dituela jendeak. Eta gizagaixoak ezer ezin egin, ezta bere kideek ere, zeren eta magoak dira; gizon jakintsu ere deitzen diete, baina jakintsuak eta magoak dira gu hemen gizonezkook inteligenteak garen bezala, asintomatikoak.

Mugan bezala hainbat herritan sor lekizkiekeen trabak gainditzeko Tapia sailburuarekin hitz egin omen zuten monarken enbaxadoreek, eta honek esan horregatik bederen lasai egoteko, legeren bat aterako zuela idunekopetik oztopo horiek denak zubitzeko, baina ez da beharko, Meltxorrek eta Gasparrek azken orduan erabaki dute aurten Abu Dhabin pasatuko dituztela egunok, errege eta erregalu kontuetan han festa etengabea dela.

Azken orduko irtenbide gisa, Urkullu eta Txibite elkarrekin langintza horretan jartzea bururatu zitzaien krisi-kabineteko buruei, eta Jonan Fernandezek berak eskaini zuen bere burua haiek ziztu bizian elkartuko lituzkeen autobidearen trazatua egiteko, baina badirudi liskar galanta sortu dela ekitaldiaren esklusiba EITBk edo Telenavarrak, nork eman, seinalea partekatzeko tenorean ere ez baitaude, eta gainera ez omen zegoen modurik Urkullu jauna Txibite anderearengana hurbiltzeko, ezta metro t'erdira ere, ez ziotela erantzukizun hiritarrak eta ardura politikoak halakorik uzten. Gainera, biak ere beldur ziren hainbat herritan, EH Bildukoek indarra duten horietan, aurrekontua eman bai baina ongi etorririk ez zietela egingo, ezta intimidadean ere.

Eta, beraz, nekez ospa daiteke gabon zoriontsurik horrela, oparirik gabe. Hain boladako dagoen lagun ikusezinari eskatzen dionik bada, baina ze lagun klase da hori, ikusterik ez dagoena, sare sozialetakoak baino fake-agoa? Lagunekin, benetakoekin, kabalkata egitea ere gaitzetsita dago, distantzia sozialarena eta isurkarien trukatze arriskutsua dela medio. Eta beraz nork bere buruari egin behar erregalua; bakarrik jo behar kanpaiak, urtezahar egunekoak alegia, eta onar dezagun, gabonetako eukaliptoa kaka zahar bat da, saloi mentoldun bat dirudi egongelak. Eta pitz itzank argitsu keinukariak megawatta dagoen prezioan!

Beraz, aurtengo solstizioan gabonik ez. (eta oparitarako... beti geratuko zaigu Amazon!)