Lau zarauztar ariko dira bihar Binakako Harri-jasotze Txapelketako finalean

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 30a, 12:30
Xabat Olaizola Aiako kanporaketan. (Aritz Mutiozabal)

Egur Sport enpresak antolatutako jaialdian ariko dira lehian eskualdeko hiru bikote, Asteasuko Usarrabi frontoian, 17:00etatik aurrera.

Binakako Harri-jasotze Txapelketako finala jokatuko dute bihar, Urtezahar egunez, Asteasuko Usarrabi frontoian. Aurrez aurre, eskualdeko harri-jasotzaileak ariko dira nor baino nor txapela helburu dutela. Zarautzek ordezkaritza handia izango du txapelketan: alde batetik, Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza elkarrekin ariko dira; Jokin Eizmendik, bestetik, Gorka Etxeberria oriotarrarekin osatuko du bikotea; eta Xabat Olaizolak, hirugarrenik, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra izango du lagun.

Finalera sailkatzeko bi kanporaketetako lan berdinak egin beharko dituzte, baina kasu honetan harri bakoitzarekin hiru minutuko denbora tartean. Erabiliko dituzten harriak, berriz, ondorengoak: 150 kiloko laukizuna bikoteko batek, 125 kiloko kopa bikoteko batek, eta biak elkarrekin 113 kiloko kubiko eta 100 kilo bolarekin.

Egur Sport enpresak antolatutako herri kirol jaialdia izango da, eta binakako harri-jasotzeaz gain, beste lau txapelketa jokatuko dira 17:00etatik aurrera.  Gizonezkoen Urrezko Aizkolarien Kopa, eta Emakumezkoen trontza, ingude eta aizkora txapelketak.