San Silbestre lasterketa irristaketan egiteko bete beharreko baldintzak gogorarazi ditu ZKE Irristaketa taldeak

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 30a, 08:30

Lau kilometroko ibilbidea prestatu dute irristalarientzat, 17:30ean abiatuta. Izena aurrez eman daiteke, edo egunean bertan. Bihar, ostirala, egingo da urteko azken eguneko lasterketa herrikoia. Korrikalariak 18:00etan abiatuko dira.

Ohi bezala, urteko azken egunean San Silbestre lasterketa egingo da arratsalde partean, eta korrika zein irristaketan parte hartu ahal izango dute herritarrek.

Bihar, ostirala, 18:00etan hasiko da proba Musika Plazan, eta toki berean amaituko da. Irristaketan irtengo dutenak, berriz, orduerdi lehenago hasiko dira lanean, 17:30ean.

ZKE Irristaketa Taldeak azaldu duenez, 16 urtetik gorakoek soilik parte hartu ahalko dute aurten, eta derrigorrezkoa izango da kaskoa eramatea, nahiz irteeran eta helmugan musukoa jantzita izatea. Gainera, zehaztu du kirolariek lau kilometroko ibilbidea egingo dutela.

Proba batean zein bestean parte hartu, izena aurrez eman daiteke Helmuga Kirolak dendan bost euroren truke, edo lasterketa hasi aurretik, Musika Plazan, zazpi euroren truke.

ZKE Irristaketa taldeak Antoniano KE "eskertu" nahi du,  "aurten ere parte hartzeko aukera emateagatik".