Eiza eta Urra garaile Binakako Harri-jasotze Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 2a, 10:30

Laukizuzena, kopa, kubikoa eta bola harriekin 126 jasoaldi lortuta, txapela bereganatu zuen bikoteak Urtezahar arratsaldean, Asteasun jokatutako jaialdian.

Urtezahar egunerako herri kirol jaialdi erakargarria antolatu zuen Egur Sport enpresak, Asteasuko Usarrabi frontoian. Jokatu ziren bost lehien artean, Binakako Harri-jasotze Txapelketako finala izan zen jokoan. Aurrez aurre, eskualdeko hiru bikote aritu ziren nor baino nor: alde batetik,Gorka Etxeberria oriotarra, Jokin Eizmendi zarauztarrarekin; bestetik, Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak; eta, azkenik, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Iraitz Arruti zarauztarrak. Azken bikoteak Xabat Olaizola eta Jon Unanue Goenatxo III.a ordezkatu zuen; izan ere, Olaizola gaixo zegoen, eta Goenatxok ezin izan zuen parte hartu arrazoi familiarrengatik.

Finalera sailkatzeko bi kanporaketetako lan berdinak egin beharko dituzte, baina kasu honetan harri bakoitzarekin hiru minutuko denbora tartean. Eiza-Urrak 126 jasoaldi (14.679 kilo) lortu zituzten, lan erakustaldi bikaina osatuta. Eizmendi-Etxeberria irabazleengandik nahiko gertu ibili baldin baziren ere, 120 jasoaldirekin (14.003 kilo), bigarren sailkatu ziren. Bien artean egon zen lehia nagusia, azken finean. Azken unean finalera iritsi zen bikoteak marka xumeagoa lortu zuen, 105 jasoaldirekin (12.189 kilo).

SAILKAPENA

1. Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza 
Laukizuzena 16 jasoaldi (Eiza)
Kopa 34 jasoaldi (Urra)
Kubikoa 33 jasoaldi (biak)
Bola 43 jasoaldi (biak)
GUZTIRA: 126 jasoaldi (14.679 kilo)

2. Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria
Laukizuzena 20 jasoaldi (Eizmendi)
Kopa 24 jasoaldi (Etxeberria)
Kubikoa 31 jasoaldi (biak)
Bola 45 jasoaldi (biak)
GUZTIRA: 120 jasoaldi (14.003 kilo)

3. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Iraitz Arruti
Laukizuzena 15 jasoaldi (Izeta IV.a)
Kopa 23 jasoaldi (Iraitz)
Kubikoa 28 jasoaldi (biak)
Bola 39 jasoaldi (biak)
GUZTIRA: 105 jasoaldi (12.189 kilo)


Argazkiak: Tolosaldeko Ataria eta Egur Sport