Ingurumenaren zaintzaz kontzientziatzeko, 'Zaborra' antzezlana eskainiko dute hilaren 8an

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 2a, 12:00

Urola Kostako Udal Elkarteak antolatutako egitasmoa da, Aritzbatalde kiroldegian eskainiko dute.

Zaborra antzezlana eskualdeko herrietara eramaten ari da Urola Kostako Udal Elkarteak, “ahalik eta modurik ludiko eta dibertigarrienean ingurumen zaintzari buruzko hainbat gai jorratzeko”. Helburua “herritarrengan klima aldaketaren eta hondakinen eta beste zenbait problematika eko-sozialen inguruko hausnarketa eragitea da”, UKUEk zehaztu duenez. “Modu ludiko batean herritarren kontzientziak astindu eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa landu nahi dira jolas eta abestien bidez”, gaineratu du erakundeak.

Katiuska ta Katilu taldeak eskainiko du antzezlanak, eta 45 minutu inguruko iraupena du. Zarautzen urtarrilaren 8an, datorren larunbatean, taularatuko dute Aritzbatalde kiroldegian. Saioa 17:30etik aurrera izango da.