790.000 bisita baino gehiago izan ditu Zarauzko Hitzak 2021ean

Julene Frantzesena 2022ko urt. 4a, 16:00

2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, 792.773 bisita izan ditu Zarauzkohitza.eus-ek, Google Analytics neurgailuaren arabera. Egunean, batez beste, hamabi albiste argitaratu dira atari honetan, eta 2.170 bisita izan ditu egunero webguneak. Azken urtetako joerari jarraituz, bisita gehienak eskuko telefonotik egin dituzte herritarrek.

2020a nola, 2021a ere hala. Koronabirusaren pandemiak bete-betean jo du bukatu berri den urtea ere, baina ez da izan albistegietako lerroburu guztiak hartu dituen gaia; eta eskerrak. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Zarauzko Hitzak 2021ean ere, eta hainbat herritarrek ez ezik, eragileek ere egin dituzte ekarpenak Komunitatearen bidez. Orotara, 4.036 –12 albiste egunean, batez beste– albiste argitaratu ziren Zarauzkohitza.eus-en iaz, eta asko eta asko izan dira horiek irakurri dituztenak –honako lotura honetan ikus daitezkek dira iazko hamar albiste irakurrienak–.

2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, 792.773 bisita izan ditu Zarauzkohitza.eus-ek. Google Analyticsek eskainitako datua da hori, eta nabarmentzeko kopurua da; izan ere, horrek esan nahi duena da egunean, batez beste, 2.170 bisita izan dituela webguneak. Gainera, herritarrek Zarauzkohitza.eus-en zabaldutako orrien kopurua ere aipatzekoa da: 2021n 1.809.021 orri ireki zituzten horiek, eta egunean, batez beste, 4.956 orri. Bestalde, erabiltzaileek, batez beste, minutu bat eta 57 segundo igaro zituzten webgunera egindako bisita bakoitzean.

Joerak azken urteetako berbera izaten jarraitzen du. Izan ere, Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko joera areagotzen ari da urtez urte, eta 2021a ere ez da salbuespena izan zentzu horretan. Herritarren %74,04k erabili dute eskuko telefonoa Zarauzkohitza.eus irakurtzeko. Aldiz, ordenagailutik eta tabletetatik egindako bisiten kopuruak %23,44 eta %2,52 izan dira, hurrenez hurren.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabideen datuak ikaragarriak izan dira beste urte batez. Taldearen webguneetan hainbat eta hainbat erabiltzaile sartu ziren 2021ean: orotara, taldea osatzen duten sei webguneek –Karkara, Baleike, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– 8.655.328 bisita izan zituzten iaz.