Gabonak 2021-2022

Bideoa: Bizarzuriren eta Hiru Errege Magoen 1992ko desfileak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 5a, 08:30

Ezberdina izango da gaurko Hiru Errege Magoen desfilea ohikoarekin alderatuta, pandemiaren egoera dela medio. Aspalditik egiten da Zarautzen kabalkada, eta UKTk 1992ko ikus-entzunezko hau berreskuratu du.

Aurten kabalkadarik egingo ez den arren, karrozan zeharkatuko dituzte Zarauzko kaleak Hiru Errege Magoek. Betiko ekitaldiarekin zerikusi gutxi izango du, eta litekeena da askok faltan botatzea desfilearen amaierako kantu saioa edota gozokien jaurtitzea. Bizarzurik ere ezin izan du herria bisitatu aurtengoan, eta postontzia jarri dute Lege Zaharren enparantzan herriko haurren eskutitzak jaso ditzaten Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek.

UKT atzera begira jarri da, eta gaurko gauak izan ohi duen magia berreskuratu nahian, 1992ko ikus-entzunezko hau berreskuratzea erabaki du. Orduko haur eta gaztetxoak helduak dira egun, eta ziur batek baino gehiagok ezagun ugari topatuko dituela bideoan.