Eskualdeko langabeak kontratatzeko dirulaguntzak emango dizkie udal elkarteak enpresei

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 7a, 09:00

Guztira, 312.000 euro bideratuko ditu UKUEk laguntza hauetara. Urtarrilaren 31 izango da eskabideak aurkezteko azken eguna.

Urola Kostako Udal Elkarteak dirulaguntzak emango dizkie eskualdeko enpresei langabeen kontratazioa errazteko. Guztira, 312.000 euro bideratuko ditu horretara. Ekimen hau enplegua sustatzeko 2021eko planaren barruan kokatzen da eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatuko du.

UKUEk ohar bidez azaldu duenez, COVID-19ak eragindako pandemiak egoera ekonomikoa erabat aldatu eta “aurrekaririk gabeko shock ekonomikoa” eragin du. Egoeraz jabetuta, udal elkarteak lehentasunezkotzat jotzen du enplegua indartzeko neurriak ezartzea. Gaineratu duenez, deialdi honen helburua  bikoitza da: alde batetik, enpresei laguntzea langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, beste alde bestetik, enplegu politika aktiboak indartzea, langabeen kontratazioa errazteko. 

Deialdi honetan lehentasuna izango dute emakumeak kontratatzen dituzten eskabideek, izan ere, 23 dirulaguntza gordeko dira emakumeak kontratatzen dituzten eskabideentzat.

Diruz lagunduko diren kontratuek ezaugarri batzuk izango dituzte. Kontratuen iraupena hiru edo sei hilabetekoa izango da; lana %50 edo %100ekoa, eta epealdia 2021eko apirilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa. 3.000 eta 9.000 euro arteko dirulaguntzak izango direla jakinarazi du UKUEk, kontratuaren eta kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien arabera. 

Eskabideak udal elkartearen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Oinarriak eta eskabideak egiteko ereduak nahiz zuriketak egiteko eredu eta eranskinak eskura daude udal elkartearen webgunean.