Azaroaren erdialdean 2022rako udal aurrekontua behin-behinean onartzeko egin zen ezohiko plenoan bezala, EH Bilduko udal taldeak ezezko botoa eman berri dio behin betiko onartzeko bilkuran, urte bukaerako udalbatzarrean. EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuak izan dira, eta koalizioaren iritziz, "ez diete erantzuten Zarauzko herriak gaur egun dituen premiei". Horrez gain, adierazi du Udal Gobernuak ez duela "akordiorako batere borondaterik erakutsi" eta "ez dituela aintzat hartu" oposizioko talde nagusiak aurkeztutako proposamenak.
Besteak beste, EH Bilduk ondorengo ekarpen hauek egin zituen, baina ez ziren txertatu: gazteen emantzipazioan laguntzeko alokairurako dirulaguntzak; Udaltzaingoa kontratatzeko Zarauzko Udalaren OPE/lan poltsa; Santa Klara eraikinaren azterketa eta eliza ahalik eta azkarren erabili ahal izateko egokitzapenak egiteko partidak; Udaltzaingoaren egoitza Villa Nuria berritzea; Iritako hezegunea berreskuratzeko proiektua; eta trenbidea lurperatzeko proiektuaren txostena, hots, azterlana bukatzea ezinbestekotzat jotzen baitu koalizioak.
Zarauzko Udalak 44 milioiko aurrekontua izango du aurtengo ekitaldirako, eta EH Bilduk dioenez, Udal Gobernuak 10 milioiko kreditu bat proposatzen du, "aurrekontu osoaren ia laurdena", non bere iritziz "neurriz kanpokoa" den. Koalizioa kontuak ez zaizkio ateratzen, gainera: "Kreditua 10 milioikoa izan arren, aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioak 7 milioikoak besterik ez dira. Horrek esan nahi du kredituaren 3 milioi gastu arrunterako eskatzea aurreikusi dute". Horren aurrean irmoa izan da Itziar Murua EH Bilduko bozeramailearen adierazpena: "Etxeko kontuetan bezala, sartzen dena baina gehiago ateratzen bada eguneroko gastuetarako, arazo bat dago. Horregatik, ez digute inolako konfiantzarik ematen aurrekontu hauek".
Zentzu horretan, "gardentasun falta" leporatzen die EH Bilduk Udal Gobernuko kideei. Izan ere, eman zaien azalpenen ondoren, "ez dugu garbi kreditua eskatuko den benetan, gerakineko dirua ere erabiliko den azkenean edo aurreikusitako hainbat gauza ez diren egingo". Gisa horretan, nolabaiteko "baimen osoa" izango lukeela ohartarazi du EH Bilduk. "Eskaeroi emandako erantzuna eskasagatik, batetik, eta gastuei aurre egiteko planteamendu ilunagatik, bestetik, ezinezkoa izan zaigu aurrekontu hauek babestea”, arrazoitu du Muruak.