Abian da Zarautz 2030 plana osatu ahal izateko hausnarketa prozesua

Udalak hainbat eragilerekin eginiko lan saioetako bat. (Zarauzko Udala)

Udala eta proiektua garatzeko lanean ari diren enpresak arlo ezberdinetako herriko eragileekin biltzen ari dira, Zarauzko hainbat gairen inguruan duten ikuspuntua jasotzeko.

Zarautz 2030 Plan Estrategikoa garatzeko prozesua aurkeztu zuen udalak herritarren aurrean joan den urriaren erdialdean. Etorkizuneko Zarautz definituko duen tresna baliagarria izan nahi du, herritarren eta herriko enpresa, eragile nahiz elkarteen helburuak eta ideiak partekatuz. Nolabait esateko, Zarauzko eragile sozial eta ekonomikoek elkarrekin osatutako plana izan nahi du, jada abian jarri duten hausnarketa prozesu parte hartzailearen bitartez.
Horretarako, parte hartzeko gune fisikoak eta gune digitala egokitu dituzte, herritar orok bere ekarpena egiteko aukera izanik. Partaidetza Departamentuak eta proiektu honetan diharduten enpresek –Islada, Emun eta Kultur Atelierrek– arlo ezberdinetako herritarren zerrenda osatu dute, eta informazio mahai presentzialetara zein birtualetara gonbidatzen ari dira pertsona horiek, herriarekin zerikusia daukaten gai askori buruz hitz egiteko eta haien ikuspuntuak jasotzeko. 

Mahai horietarako deitu ez izanak ez du esan nahi ezin denik norbere ikuspuntua eman prozesu honetan. Udalak jakinarazi du bide gehiago egongo direla horretarako, eta bide desberdinetatik jasotako informazio oro  hartuko dutela kontuan.


Aurrerantzeko lan ildoak

Azaroan, orain arte egindakoaren gaineko pertzepzioak jaso zituzten. Orain, abenduan eta urtarrilean, diagnostikoa baliosteko nahiz aberasteko eta etorkizuneko lan ildoak identifikatzeko pertzepzioak jasotzen ari dira. Ondoren, ekintza planeko programak eta ekintzak lehenetsiko dituzte martxoa-apirilean, eta maiatzean azken emaitza ezagutu, prozesua baloratu eta planaren jarraipena herritarrek parte hartuta nola egin hausnartuko dute.

Zarauzko Udalaren aurreikuspenen arabera, otsailetik ekainera bitartean osatuko dute 2030era begira Zarauzko Jasangarritasun ekintza gidatuko duen Zarautz 2030 Plan Estrategikoa: diagnostikoa oinarri hartuta, Zarautzek 2030 Agendari eta Garapen Jasangarriko Helburuei egiten dion ekarpen txostena.

Proiektu Estrategikoetako zinegotzi Iker Basurkok adierazi duenez, Zarautz 2030 proiektua «itxaropen handia» sortzen ari da aurkezten ari diren tokietan, eta, bere esanetan, «lana erraztuko» die 2030 Agendarekin urratsak eman behar dituzten beste herri askori; izan ere, beste udalerrientzat «eredu» izango den prozesu berritzailea izango da. «Proiektu honek elkargunea izan behar du, guztion artean planifikatu eta imajinatu behar baitugu etorkizunean izan nahi dugun eta datozen belaunaldiei utzi nahi diegun Zarautz», nabarmendu nahi izan du zinegotziak.