Osakidetzak zaurgarriak diren kontaktu estuei bakarrik egingo dizkie COVID-19a atzemateko probak

Pertsona zaurgarritzat hartuko ditu Osakidetzak 70 urtetik gorako herritarrak, haurdun dauden emakumeak, immunoeskasia duten pertsonak, txertatu gabekoak eta gaixotasun kronikoak dituztenak. Osasun sailburuak azaldu duenez, protokolo aldaketaren helburua da pertsona zaurgarriei ahalik eta azkarren diagnostikatzea koronabirusa.

Atzo iragarri zuen protokolo aldaketaren gaineko xehetasunak eman ditu gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Hark esan duenez, aurrerantzean, positibo baten kontaktu zuzen batzuek soilik egin beharko dute koronabirusaz kutsatuta al dauden jakiteko proba. Sagarduik azaldu duenez, protokolo aldaketaren helburua da pertsona zaurgarriei ahalik eta azkarren diagnostikatzea koronabirusa. 

Pertsona zaurgarriek soilik eman beharko diote kontaktu estu direla jakinarazteko abisua Osakidetzari, eta zaurgarritzat hartuko dituzte 70 urtetik gorako herritarrak, haurdun dauden emakumeak, immunoeskasia duten pertsonak, txertatu gabekoak eta gaixotasun kronikoak dituztenak, hala nola diabetikoak eta eritasun hepatikoak edo giltzurrunetakoak dituztenak. Dena den, kontaktu estu diren pertsona guztiei sintomei “adi” egoteko eskatu die Osasun sailburuak.