Ez zuten sekula pentsatu ere egingo Olatz Mercaderrek (Zarautz, 1976) eta Lia Ramosek (Palacagüina, Nikaragua, 1995) egutegi batean erdi biluzik aterako zirenik. Bizitzak espero gabeko bueltak ematen ditu ordea, eta orain, hamaika hedabidetan ageri den egutegi bateko protagonista dira.
Helburu bikoitzarekin plazaratu dute egutegia: batetik, Izan Inurri elkartearentzako dirua biltzeko; eta, bestetik, bularreko minbizia izan duten emakumeen gorputzak ikusarazteko. Gaitza lehen pertsonan bizi dute bi zarauztarrek, eta egoera berdinean zeuden emakumeekin esperientziak elkarbanatzeko beharrak eraman zituen Izan Inurrirekin harremanetan jartzera. Lasarte-Orian (Gipuzkoa) sortutako elkarte xumea da Izan Inurri, eta minbizia pairatu dutenek zein beraien senitartekoek dituzten beharrak identifikatzea eta horiei konponbidea ematen ahalegintzea du xede.
Mercaderrek elkartearen sortzaileetako bat telebistan ikusita izan zuen Izan Inurriren berri, eta orain gutxi zarauztarra bera atera da telebistan elkarteaz hitz egiten, egutegiaren karietara. «Orduan, emakume batek hots egin zidan nirekin kafe bat hartu nahi zuela esanez», dio. Sarea handitzen doa apurka-apurka, beraz. Ramosek sare sozialen bidez egin zuen harremana Mercaderrekin. «Minbiziaren kontuari dagokionean, bakarrik nengoen fisikoki. Gaitza nuela jakin nuenean sentitu nuen ezin nuela nire inguruko jendearekin hitz egin horretaz, eta behar nuen egoera berdinean zegoen jendearekin hitz egitea», azaldu du. Ez zekien nora jo, baina Mercaderrengan eta Izan Inurri elkartearengan bilatu zuen babesa.
Elkarteak egutegiaren ideia proposatu zienean, beste zenbait inurrirekin batera animatu ziren bi zarauztarrak, baina diotenez, ez zekiten oso ongi zertara zihoazen. Hitzordura bertaratu zirenean, argazkilariak esan zien: «Kulerotan jarriko al zarete?». «Imajinatu! Ulia mendian geunden eta izugarrizko hotza egiten zuen», oroitu du Mercaderrek. Ezusteak ezuste, arroparekin batera erantzi zituzten lotsak, eta erdi biluzik atera ziren guztiak argazkietan. Ez zuten zalantzarik izan, «oso kontu organiko eta espontaneoa» izan zela dio Mercaderrek. Iratxe Etxeandiak egin zituen argazkilari lanak, eta hura ere auzian murgilduta dago. Argazkiak «energia goxo eta maitekorrean» egin zituztela diote biek, eta oso naturala izan zela.
Kupidarik gabe
Eroso sentitzen dira Ramos eta Mercader Izan Inurriko ekimenetan, beraien hitzetan, ez dituztelako «kondeszendentziaz» tratatzen. «Beti esaten dugu gu ez gaituela gaixotasunak batzen, bizitzeko gogoak baizik». Izan ere, kupidatsu tratatu ohi dituztela sumatu izan dute sarri biek, eta hori areagotu egiten dute gaixotasunak dituen ebidentzia fisikoek. Mercaderrek azaldu du burusoil geratzea egokitu zitzaiola udan, eta ez zituela zapiak eta ileordeak jasaten. «Orduan, jendeak ikusten zaitu, eta ohartzen zara batzuek maitasunez begiratzen dizutela, eta beste batzuek izututa».
Burusoilez gain, orbainek eta azaleko markek pisu handia dute egutegiko irudietan. Mercaderren arabera, 16.000 mastektomia egiten dira espainiar estatuan urtean, eta kendutako bular horietatik 4.000 berreraikitzen dira. «Hau da, 12.000 emakume geratzen dira titi bakarreko urtean». Mercader ohartu zen ez zegoela bular bakarrentzako titi-zorrorik edota bainujantzirik. Protesia sartzeko zorroa zutenak topatu zituen, baina bestelakorik ez.
«Infantilizatuak»
Zergatik berreraikitzen du bularra operazioagatik galdu dutenen laurdenak soilik, ordea? Gizarte Segurantzak ordaindutako operazioa izan ohi da eta erabaki guztiak dira zilegi, baina berreraikuntzarena bide «zail eta mingarria» dela azaldu dute bi zarauztarrek. Mercaderrek bere kasua kontatu du: «Ni operatu nindutenean horretarako aukera eman zidaten, baina guztira zortzi orduz egon beharra neukan anestesiarekin, bi ebakuntza egin behar zizkidaten konplikatzeko aukerak zituztenak, horrek suposatzen duen guztiarekin. Minbizia kentzeko hiru aldiz operatu ninduten, eta kimioterapiarekin hasi gabe nengoen. Egoera horretan, surrealista iruditzen zitzaidan bularra berreraikitzen hastea. Nik bizi nahi nuen».
Bestalde, Mercaderrek dio sistemak bultzatzen dituela bularra berreraikitzera. Minbizia mota hori igaro duen lagun bati gertatutakoa azaldu du: hasieratik esan zuen berak ez zuela nahi bularra berreraiki, eta kentzeko operazioan, berak hala eskatu gabe, azal apur bat laga zioten, aurrerago iritziz aldatuko balu ere. «Halako erabakiak infantilizatzeko joera dago, eta tratatzen gaituzte geure gorputzaren gaineko erabakiak hartu ezin bagenitu bezala», ondorioztatu du zarauztarrak. Errealitate hori ikusaraztea ere badu helburu egutegiak, eta biek azpimarratu dute epaiketak soberan daudela erabaki horri dagokionean.
Liak uste du berreraikitzeko erabakiaren bidegurutzean dagoen emakumeren batek egutegia ikusten badu, eta gizarteak ezartzen dion presio estetikoagatik berreraiki beharra sentitzen badu, gutxienez apur bat gehiago pentsatuko duela erabakia hartu aurretik. «Eta berreraikitzea erabakitzen badu, izan dadila berarengatik, ez jendea tematu delako. Ikus dezatela ondo dagoela bular bakarra edukitzea».
Amorruz gogoratu du Mercaderrek behin prentsan zirujau plastiko bati irakurri ziona. «Hark zioen bularra berreraikitzen zuten emakumeak %19 zoriontsuagoak zirela. Benetan behar al dugu autoestima horrela txikitzea hau pasatu dugun emakumeok? Nik titi bakarra daukat, eta zoriontsua izan naiteke edo ez, bi izango banitu bezalaxe», egin du azpimarra.