"24 ordu eskasean, herri bat telebistako plato bihurtu zen, eta gertakari bat, Estatu mailako arazo". La Dramatica Errante konpainiak oinarri soziala duen Altsasu antzezlana taularatuko du ostiral arratsaldean, 20:00etan hasita, Modelo aretoan. Ikuskizunak 2016an Altsasun izandako gertakariak ditu kontagai: Koxka tabernan sortutako liskar baten ondorioz, zortzi gazte atxilotu zituzten bi guardia zibil erasotzeagatik.
Maria Goirizelaia antzerkigile bilbotarra da antzezlanaren sortzailea eta zuzendaria. Nuevo Teatro Fronterizoren Cicatrizar nazioarteko antzerki proiektuan hartu zuen parte duela urte batzuk, eta orduan bururatu zitzaion ideia: "Euskal Herrian puri-purian genuen Altsasuko auzia, oraindik orbaindu gabea, eta horri heldu nion". Kepa Errastik atondu du euskarazko bertsioa, eta aktore lanetan Nagore Gonzalez, Egoitz Sanchez, Aitor Borobia eta Ane Pikaza dabiltza.
ETB1en izen eta gai bereko telesaila eman zuten duela urtebete, baina antzerki zuzendariak argi utzi du hura pantailara eraman zutenerako antzezlana idatzita zuela, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzari esker. Kontakizunaren oinarria bera bada ere, Goirizelaiak adierazi du antzezlana epaiketan murgildu dela batez ere, baina "lizentzia artistikoak" hartuta, taula gainera eraman ahal izateko. "Antzerkiaren poetika beste bat da, eta ematen dituen baliabideak bestelakoak dira. Filmak eta telesailak kontaketa literalago batera mugatuta daude, eta gu beste lengoaia bat planteatzen ari gara. Hala, aurkezten dugun istorioa aberatsagoa dela iruditzen zait".
Ikusmin handia
Bilboko Arriaga antzokian egin zuten estreinaldia urriaren bukaeran, eta arrakasta berehalakoa izan zen. Orain arteko emanaldietan ere ikusmin eta harrera itzela sortu du, gaiak izan duen oihartzunagatik. Zuzendaria oso gustura dago jendearen erantzunarekin.
Gertakariko parte inplikatu guztiak eraman ditu oholtzara, fokua erdigunean jarri nahian: gazteen arteko solasaldia kartzelan, gurasoen bisitaldia eta guardia zibilek beraien bikotekideekin duten eguneroko harremana. "Antzezlan hau Justiziak zeinen desproportzionalki funtzionatzen duen unibertsalizatzeko modu bat da", nabarmendu du antzerkigileak: "Izan ere, ikusleak zenbait tramaren erdian ahaztu egin dira Altsasuz; edozein tokitan gerta izan zitekeen istorio bat irudikatu dute beren buruetan".