Igande honetan hasiko da Gipuzkoako Batel Liga

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 12a, 11:00
Artxiboko irudian, ZAEko seniorren batela.

Urumea ibaian izango da aurreneko lehia, eta denboraldi honetan 96 ontzik parte hartuko dute, emakumezkoen 47 ontzik eta gizonezkoen 49k. Egutegiaren arabera, Zarautzen jokatuko da ligako zortzigarren jardunaldia, martxoaren 13an.

Igande honetan hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, Urumea ibaian. Orduak astero-astero zehaztuko dituzte, baina egutegia prest du Gipuzkoako Arraun Federazioak. Guztira 11 jardunaldi izango dira apirilaren 3ra bitartean, eta 96 ontzik parte hartuko dute aurtengo ligan, emakumezkoen 47 ontzik eta gizonezkoen 49 ontzik.

Horietatik sei batel zarauztarrenak izango dira: infantil nesketan bi ontzi izango dituzte, promesa nesketan eta mutiletan bana, jubenil mutiletan ere ontzi bat izango dute; eta baita gizonezko absolutuetan ere.

Egutegiaren arabera, Zarautzen jokatuko da ligako zortzigarren jardunaldia, martxoaren 13an. Zumaian eta Getarian ere izango dira batelak, otsailean Zumaian, eta martxoan Getarian.