Hotz Zarautzek 15.000 eurotik gora bildu ditu Gabonetako V. Azoka Solidarioarekin

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 12a, 14:00

Errefuxiatuen aldeko proiektuetara bideratuko dute dirua, eta eskerrak eman dizkiete lorpen horretan "beren hondar alea jarri duten pertsona guztiei, baita boluntarioei eta lokala utzi dutenei ere".

Hotz Zarautz elkarteak bosgarren urtez jarri zuen Gabonetan Azoka Solidarioa, bigarren eskuko produktuak salduz errefuxiatuentzat dirua biltzeko. Herritarren eta dendarien produktuak jaso, eta horiek salduta, 15.000 eurotik gora bildu ditu elkarteak, astelehenean jakinarazi zuenez. Zehazki, 15.367 euro eskuratu ditu.

Sare sozialetan eman du kopuruaren berri, eta azpimarratu du pertsona errefuxiatuen aldeko proiektuetara bideratuko duela dirua, zehaztu gabe zein izango diren proiektu horiek.

Mezuan esker oneko hitzak izan ditu Hotz Zarautzek azokan era batera edo bestera parte hartu duten pertsona guztientzat, baita boluntarioentzat eta lokala doan utzi dieten Milar Visson denda zenaren nagusientzat ere. 

Azoka Solidarioa Patxiku kaleko 5. zenbakian egon da, abenduaren 10etik urtarrilaren 5era arte.

ARGAZKI BILDUMA. Azoka Solidarioak ateak ireki zituen eguneko argazki bilduma.