Ongizate emozionala ardatz duen hitzaldi zikloa prestatu du DYAk

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 13a, 12:10

Doako lau saio egingo dituzte Zarauzko egoitzan, eta lehenengoa larunbat honetan izango da, emozioei buruzkoa. 10:00etatik 13:00etara izango dira hitzaldi guztiak.

Zarautz Ongizate emozionala, osasuntsu bizitzeko hitzaldi zikloa antolatu du DYA Gipuzkoak, urtarrila eta otsaila bitartean Zarauzko egoitzan eskainiko duena. Erakundeak gogora ekarri du egungo osasun  krisian «lehen lerroan» egon dela, eta pertsona askoren egunerokoan laguntza ematen aritu dela. Edonola ere, «gizarteak dituen gabezia eta behar psikologikoen lekuko ere izan» dela nabarmendu du. Hori horrela, doako hitzaldi zikloa antolatzea erabaki du, «egoera emozional disfuntzional desberdinak lantzeko» eta «horiei behar bezala aurre egiten irakasteko» helburuarekin.

Guztira, lau hitzaldi saio antolatu dituzte, larunbat honetatik aurrera, eta hamabostean behin eskainiko dituzte. Lehendabizikoan, Emozioak, zer diren eta krisiak eragindako aldaketa psikologikoak landuko dute; urtarrilaren 29an, Antsietateari aurre egiteko gakoak; otsailaren 12an, Depresioa eta isolamendu soziala; eta otsailaren 26an, azkenik, Osasun psikologikoa eta bizitza emozional osasungarria izateko gakoak.

Hitzaldi bakoitzak hiru orduko iraupena izango du, 10:00etatik 13:00etara, eta Zarauzko DYAko Ordezkaritzan (Iturribidea 12-14 behea) emango dira. DYArekin elkarlanean diharduen eta tratamendu psikologikoetan nahiz irakaskuntzan eskarmentu handia duen osasun-psikologo batek emango ditu saio guztiak.

Hizlari bat egongo bada ere, hitzordu dinamikoak izango direla azpimarratu dute antolatzaileek; hau da, bertaratzen direnek parte hartu ahal izango dute, gaiari buruzko zalantzak argitzeko edo norbere esperientziak aurkezteko. 

Saioetan parte hartzeko interesa dutenek DYArekin harremanetan jarri beharko da aurrez, irakaskuntza.eskola@dyagipuzkoa.com posta elektronikora idatzita edo 943-46 46 22 telefono zenbakira deituta. Gisa horretan, informazio zabalagoa eskaintzeaz gain, izen-ematea formalizatuko da.