Izena eman daiteke Zarauzko Jabetze Eskolan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 13a, 13:52

Urtarrilaren 22ra arteko epea dago Emakumeen Etxeko ikastaroetan izena emateko. Bederatzi gai jorratuko dituzte guztira, eta zehaztuta daude ikastaro bakoitzaren egutegia eta ordutegia. Parte hartzea hamabost eta hogei euro bitartean kostako da.

Jabetze Eskolako lehen hilabeteetarako ikastaroetan izena emateko epea ireki du Zarauzko Emakumeen Etxeak, helburu hartuta "emakumeen berdintasunean eta ahalduntzean aurrera egitea, ahizpatasun sareak sortzea eta ikuspegi feministatik hausnartzea" direla azaldu dute arduradunek.

Ikastaroen bidez, "hausnartzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarrekin egoteko" espazioak sortzen dituzte. "Ahalduntzeko leku bat da, hau da, bizitza modu autonomo, indartsu eta gugan konfiamtza izanda bizitzeko", adierazi du Gloria Vazquez Parekidtasun zinegotziak. 

Vazquezen hitzetan, "baliagarriak" dira ikastaroak, eta gaineratu duenez, errepikatu egiten dute izena ematen duten gehienek. "Zarauzko emakume guztiak animatu nahi ditut Emakumeen Etxeak antolaturiko Jabetze Eskola honetan parte hartzera", gehitu du zinegotziak.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik egongo da urtarriaren 22ra arte, eta honako bide hauetatik egin daiteke inskripzioa: Emakumeen Etxera bertaratuta, 943-00 51 36 telefono zenbakira deituta, emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera mezua bidalita edo orri hau beteta.

Ikastaroak

  • Bizipoza berreskuratzen

    Irakaslea: Amaia Urieta Garcia

    "Onarpena, osasuna eta alaitasuna ereingo ditugu gugan eta, horretarako, erlaxazioa, solasaldiak eta musika eta mugimendu praktikak erabiliko ditugu". Astelehenetan izango da euskaraz, urtarrilaren 31tik apirilaren 4ra, 16:00etatik 17:30era. Prezioa: 15 euro.

  • Zurrumurru matxistak desegiten

    Irakaslea: Maider Avaristo Iciar

    "Mito eta zurrumurru matxistak zer diren, nola adierazten diren eta zer jatorri duten ikusiko dugu. Gainera, horiei aurre egiteko erantzunak eta estrategiak ezagutuko ditugu. Kontzientziak astindu nahi ditugu eta maitasunaren, elkartasunaren eta gozamenaren inguruan diskurtso irekiak eta askotarikoak sortu. Has dadila, bada, gogoeta!". Astelehenetan izango da euskaraz, urtarrilaren 31tik apirilaren 4ra. Ez dute ikastaro honen ordutegia zehaztu oraingoz. Prezioa: 15 euro.

  • #Zugandik: iruditik autoezagutzara

    Irakaslea: Idoia Telleria Maritxalar

    "Bizipenekin, emozioekin, pentsamenduekin bat egin eta argazkien bitartez kanporatuaz emakume bakoitzak bere irudia sortu eta landuko du". Astearteetan izango da, euskaraz, otsailaren 1etik apirilaren 5era, 16:00etatik 18:00etara. Prezioa: 15 euro.

  • El club de las Pipi Calzaslargas

    Irakaslea: Monica Nuñez Avila

    "Emakume ausart, kritiko, errebelde eta jostarien taldea da hau, ezarritakoa hankaz gora jartzeko prest dagoena. Jolastu, kantatu, barre egin eta, batez ere, dibertitu egingo gara, ahalduntzeko eta aske sentitzeko". Asteazkenetan izango da gaztelaniaz, otsailaren 2tik martxoaren 23ra, 10:30etik 12:30era. Prezioa: 15 euro.

  • Nuestras ancestras: un trabajo con nuestro linaje femenino

    Irakaslea: Pepa Bojo Ballester

    "Historia orokorreko eta, bereziki, gure historiako emakumeen papera ezagutuko dugu, gure familiako emakumeen bizipen pertsonalak eta ekarpenak ezagutuz". Asteazkenetan izango da, gaztelaniaz, otsailaren 2tik apirilaren 6ra, 15:30etik 17:30era. Prezioa: 15 euro.

  • Emakumeak eta lidergoa

    Irakaslea: Mertxe Arratibel Ibarruri

    "Lidergoa norbere boterea aitortzeko eta onartzeko gaitasuna da. Komunikatzeko, negoziatzeko, gatazkak konpontzeko... tresnak ezagutuko ditugu, autonomia eta askatasuna lortzeko". Asteazkenetan izango da, euskaraz, otsailaren 2tik martxoaren 23ra, 18:00etatik 20:00etara. Prezioa: 15 euro.

  • Ezetz esaten ikasten

    Irakaslea: Irune Aranguren Barragan

    "Zergatik kostatzen zaigu emakumeei hainbeste ezetz esatea? Tailer honetan gure mugak non dauden eta barne gatazkak kudeatzen ikasiko dugu". Ostegunetan izango da, euskaraz, otsailaren 3tik apirilaren 7ra, 10:30etik 12:00etara. Prezioa: 15 euro.

  • Maternidades diversas

    Irakaslea: Kontxi Lopez Soria

    "Ama izan ala ez, amatasunei buruz hausnartzera gonbidatzen zaitugu, aniztasunetik abiatuta. Elkarrekin, modu askeagoan bizitzeko bideak bilatuko ditugu, epaiketarik eta errurik gabe, gure autozainketaz, behar eta proiektu pertsonalez jabetuta". Ostegunetan izango da, gaztelaniaz, otsailaren 10etik apirilaren 7ra. 15:30etik 17:30era. Prezioa: 15 euro.

  • CuidaT espacio para mujeres cuidadoras

    Irakaslea: Leticia Sanchez Arregui

    "Gure burua kontzienteki zaintzen ikasteko emakumeen arteko topagune eta hausnarketarako gune bat da hau. Autozainketari eta zaintzen ditugun pertsonekiko harremanari buruz hausnartuko dugu. Zaintzak dakartzan ondorio psikologiko eta emozionalei nola aurre egin ikasiko dugu, emozio positiboak eta gure ongizate pertsonala areagotzeko". Ostiraletan izango da, gaztelaniaz, otsailaren 4tik maiatzaren 20ra. 15:30etik 17:30era izango da saioa. Prezioa: 20 euro.