Aurten ere mahaian dastatu beharko da sagardo berria

Amaia Urbieta Arruti-Maialen Etxaniz 2022ko urt. 14a, 08:30

Aste honetan hasiko dute sagardo denboraldia eskualdeko sagardotegietan. Aurtengo sagardoa garestiagoa izango da, eta ezingo da zuzenean txotxetik edan.

Itxura guztien arabera, aurten ere ez da ikusiko jende multzorik sagardotegietako kupel inguruetan "Txotx!" nork oihukatuko zain. Ez, behintzat, urtarrilaren 28ra arte. Iazko abenduaren amaierako Labiren erabakiaren ondorioz indarrean sartutako neurriak direla eta, mugatuta daude ostalaritza guneetako jarduerak. Ondorioz, protokolo berezia egokitu behar izan dute sagardotegietako arduradunek aste honetan bertan hasi den sagardo denboraldirako.

Asteartean agerraldia egin zuten Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariek eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogileen elkarteen eta sagargile elkarteen ordezkariek. Donostiako San Telmo museoan azaldu zizkioten bertaratutako prentsari aste honetan hasiko den sagardo denboraldi berriaren nondik norakoak.

Protokolo kontuei dagokienean, hilaren 28ra arte sagardogileek mahaira aterako dituzte sagardo pitxer edo botilak, bakoitza bere azalpen txarteltxoarekin. Txartel bakoitzean kupelaren zenbakia jarriko dute, bezeroak jakin dezan zein kupeletako sagardoa ari den dastatzen. QR kodea ere izango dute eskuragarri, sagardoari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero.

Aiako lurretan dagoen Izeta sagardotegian botilak eramango dituzte mahaietara, eta bertako arduradun Gotzon Iruretagoienak azaldu du "pena" dela denboraldia horrela hasi beharra. "Hasiera izaten da politena, eta jendeak nahi izaten du probatzea berria nolakoa datorren. Pitxerrean eraman dezakezu, baina ez da berdina handik hartu edo kupeletik zuzenean probatzea".

Otorduan zehar, mahaiko pertsona bat altxa daiteke pitxerra betetzera, sagardogilearen laguntzarekin. Iazko moduan, mahaian dastatuko da sagardo berria, beraz. Oraingoz, ez dago jakiterik hilaren 28tik aurrera protokoloa aldatuko den ala ez. Pandemiaren bilakaerak eta gobernuek hartzen dituzten erabakiek baldintzatuko dute hori.

Denborarekin "egoera goxotzen" joango dela espero du Mari Jesus Añota Azpeitiko Añota sagardotegiko arduradunak, eta esperantzarik nahiz lanerako gogorik ez zaiela falta nabarmendu du. "Urte gogorrak izan dira, baina ilusioa gelditzen zaigu oraindik. Pixkanaka gauzak bere onera itzuliko direla espero dugu".

Sagardo garestiagoa

2020a eta 2021a urte zailak izan dira sagardogileentzat ere, eta "azken urteetako igoerak direla medio", denboraldi berrian sagardoaren prezioa %10-%20artean igoko dela aurreikusi dute. "Sagarra, beira, kartoia, argindarra... guztiak egin du gora, eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, lehendik ere errentagarritasun baxuko produktua izaki, gaur egungo egoerara moldatzen joateko", azaldu du Euskal Sagardoak prentsa ohar bidez.

Oharraren arabera, eskaintzen duenaren neurriko prezioa behar du sagardogintzak "bideragarria izateko". Iruretagoienak dio "derrigor" hartu beharreko erabakia izan dela beraientzat, lanerako erabiltzen dituzten gainontzeko elementuen prezioa ere igo egin delako.

Uzta handia

"Sagar urte handi" gisa definitu du 2021a Euskal Sagardoak. Guztira, 115 sagar mota desberdin jaso dituzte, beraz, sagardozaleek dastaketarako aukera anitza edukiko dute. Orokorrean, iazkoa baino sagardo "arinagoa" atera dela azaldu dute, "lurrintsuak eta alkohol graduazio bajuxeagokoa". Euskal Sagardoa osatzen duten 250 sagardotegietan bost milioi sagar kilo bildu dira, eta 3,5 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte. Iruretagoienak eta Añotak baieztatu dute uztaren oparotasuna. "Oso ona izan da, urte askoan izan ez dena. 2008.etik ez dugu horrelakorik eduki. Hurrengo urtean ez da horrelakoa izango, sagastiek bi urtean behin ematen dutelako halako indarraz", dio Iruretagoienak. Añotak, berriz, "uzta oparoa eta sagardo ona" nabarmendu ditu.

Desberdin, baina gogotsu daude denboraldirako bai Añotan, bai Izetan. Ateak zabalik dituzte dagoeneko Añotan. Pandemiaren aurretik, ostiral gauez egiten zuten sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldia, bertsoz eta trikitiz lagunduta. Iaz, ordea, pandemia tarteko ez zuten ekitaldirik egin, eta aurten ere ez dute egingo, hasieran kontrakoa pentsatzen bazuten ere. Horren arrazoia Azpeitiko osasun egoera dela kontatu du Añotak: "Aurten,azken urteetan ez bezala, irekiera ekitaldia antolatzekoak gi- nen, bertsolariekin eta trikitilariekin, ohiturari jarraituz. Baina herrian dagoen egoera ikusita, atzera egitea erabaki dugu; izan ere, handia da COVID-19aren intzidentzia tasa [9.000ko langa gainditu du Azpeitiak], eta sansebastianak ere bertan behera utzi dituzte".

Hori dela eta, denboraldiari irekiera ofizialik egin gabe ekitea erabaki dute. Jendea "gogoarekin" sumatzen du Iruretagoienak, eta urteroko usadioari ahal bezala eusteko, bertso afaria egingo dute Izetan, hilaren 21ean. Anjel Mari Peñagarikano, Amets Arzallus eta Aner Peritz ariko dira bertsotan.

Sagardo denboraldiaren irekierarekin batera betetzen ditu urteak Añota sagardotegiak, eta Añotak kontatu duenez, aurtengoa sagardotegiaren 31. urteurrena da. Horrek aurrera jarraitzeko "indarra" ematen diela azaldu du: "Badira urte batzuk ibilbide honi hasiera eman genionetik. Urte batzuk hobeak izan dira, besteak zailagoak, baina hemen jarraitzen dugu, eta ez da gutxi".