Estreinako urtea duzu Ohorezko Mailan. Espero bezain gogorra izaten ari da ala ongi egokitzen ari zara?
Hasiera nahiko gogorra izan zen. Espero baino gehiago! Gainera, denboraldiaurreko lehen partidan lesionatu egin nintzen, eta bi hilabete eta erdiz jokatzeko aukerarik gabe geratu nintzen. Alde horretatik, gogorra izan zen niretzako. Baina pixkanaka-pixkanaka forma fisikoa mantentzeko gai izan nintzen, eta jokatzera itzuli nintzenean, nahiz eta talde eta maila berri batean izan, uste baino hobeto ekin nion. Egia esan, pena bat izan zen ondoren izan dugun liga geldialdia; izan ere, hiru partida jokatu nituen eta jada martxa polita hartzen hasi bainintzen.
Zer lesio izan zenuen?
Erorketa txar bat izan nuen, eta ezker eskuko metatartsoko hezurrak hautsi nituen. Ondorioz, igeltsuarekin eraman nuen besoa bost astez, eta beste bost aste eman nituen errehabilitazioa egiten, pixkanaka jokatzen hasi nintzen arte. Zorionez, jada osatuta daukat, eta nik eskuineko eskuarekin jokatzen dut. Hala ere, ez badirudi ere, lesio batek asko mugatzen zaitu.
Lesioaren erruz, denboraldiko lehen lehiak galdu zenituen. Itzultzerakoan taldeko dinamikan murgiltzea kostatu al zitzaizun?
Azken finean, nik urte pila bat pasatu ditut Zarautzen, eta nire betiko klubetik irten eta talde berri batean sartzeak aldaketa handia suposatzen du. Egia esan, ongi moldatu naiz, baina oraindik ere kostatzen ari zait barneratuta ditudan jokatzeko modu batzuk aldatzea. Beharbada, Zuazon ez dira egokiak, eta oraindik egokitzapen prozesu horretan nago. Baina, oro har, ongi murgiltzen ari naiz taldeko dinamikara.
Joko aldetik, zertan dira ezberdin Aiala eta Zuazo?
Bereziki, defentsan igartzen dut nik ezberdintasun handiena. Aialan, lateraletik defendatzen dutenak gehiago igotzen dira. Zuazon, aldiz, defentsa irekiagoa da, eta, zentzu horretan, niretzako aldaketa handiagoa da. Hala ere, gustuko dut jokatzeko modu berri hau.
Azkeneko jardunaldietan zure parte hartzea areagotu egin da taldean. Entrenatzailea konfiantza gehiago ematen ari zaizun seinale, ezta?
Bai, hala da. Jokatzen hasi naizenetik minutu dezente eman dizkit entrenatzaileak. Egia esan, berak hasieratik jarri du konfiantza nigan, fitxatu ninduen momentutik, alegia. Maila bat beheragoko jokalari bat ekartzea apustu bat izan da haren aldetik. Orain jokatzeko aukera ematen ari zait, eta oso gustura nago.
Gero eta jokatzeko aukera gehiago, zuk zeuk ere konfiantza gehiago kantxa barruan?
Bai, noski. Liga berri batean, talde berri batean eta, gainera, entrenatzaileak zugan sinesten duela ikusteak norberaren konfiantzan ere eragiten du. Beraz, nik neuk ere askoz erosoago jokatzen dut, eta segurtasun gehiagorekin irteten naiz norgehiagoketara.
Eta hasieran ez al zizun nolabaiteko errespeturik ematen Bera Bera, Rocasa eta halako talde handien aurka neurtzea?
Jakina baietz! Tira, Bera Bera taldearen aurka behin baino gehiagotan jokatu izan dut Zarautzekin, baina gainerako talde guztiak berriak dira niretzat. Gainera, ez nuen gehiegi jarraitzen liga hau, beraz, ikasten ari naiz pixkanaka-pixkanaka.
Ohorezko Zilarrezko Mailarekin alderatuta, fisikoagoa, bizkorragoa, taktikoagoa... nolakoa da Ohorezko Maila?
Aldaketa handia nabaritu dut bi mailen artean. Adibidez, lesionatu nintzen denboraldiaurreko partida hartan erritmoan antzeman nuen gehienbat aldea. Oro har, indarrean eta jokoaren erritmoan dago aldaketa nabarmenena.
Hori kontuan izanda, zure jokatzeko moldea ere aldatzen ari dela esan al daiteke?
Tira, ez dakit ezberdinagoa den! Fisikoki hobeto nago, lehengo aldean gimnasio ordu gehiago sartzen ditugulako, baita joko aldetik asko ikasteko aukera izan dudalako ere. Ez dakit ezberdin, baina alderdi jakin batzuetan hobetu dut.
Taldeak ez du liga hasiera txukuna egin, baina joera aldaketa antzematen zaio.
Bai, eta pena bat izan da ligan izandako geldialdia, justu martxa hartzen ari ginen unean etorri delako. Hala eta guztiz ere, ez dut uste ligan gaizki goazenik, falta izan zaiguna da partidak errematatzea; gol bateko edo biko aldearekin galdu dugu zenbait alditan. Orain, hilabete pasatxoko geldialdiaren ondotik, berriro ekingo diogu ligari, eta ea ongi bidean joaten zaizkigun gauzak.
Une honetan bederatzigarrenak zarete sailkapenean. Helburu zehatzik jarri al duzue?
Helburu argia dugu: mailaz ez jaistea. Nik uste dut, ordea, sailkapeneko lehen multzoan bukatzeko taldea dugula. Horretarako puntuak lortu behar dira, eta ikusi beharko dugu partidaz partida. Bestalde, aurten Espainiako Kopa Donostian jokatuko da, eta niri, pertsonalki, ilusioa egingo lidake etxetik gertu jokatzeak.
Asteburu honetan Costa del Sol Malaga izango duzue aurkari. Ez da nolanahiko taldea izango, ezta?
Talde gogorra eta zaila izango da. Gainera, haien aurka tokatu zaigu Espainiako Kopako kanporaketan, eta hilabete honetan hiru bider neurtuko ditugu indarrak haien aurka. Borrokatu beharreko partidak izango dira hirurak, zalantzarik gabe.