Ttanttaka Teatroak familiarteko harremanak ardatz dituen Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana estreinatuko du gaur Bilboko Arriaga antzokian. Ivor Martinic kroaziarrak sortu eta hainbat sari jasotako antzezlana bere egin du konpainiak, eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, taularatuko du euskaraz nahiz gaztelaniaz. Gaurko estreinaldia euskaraz izango da, 19:30ean. Hurrengo bi egunetan gaztelaniazko bertsioa izango da ikusgai.
Umorea, soiltasuna eta zintzotasun gordina dira obra honen osagai nagusiak, betiere gai unibertsalak jorratuz: oroimena, familia, denboraren joana, gaztetasuna edota maitasuna. Nabarmena da pertsonaia askoren presentzia, non hamar aktore eramango dituen oholtza gainera; horien artean, Ander Iruretagoiena zarauztarra. Gainerakoan, lantaldea honela dago osatuta: Miren Arrieta, Ane Gabarain, Asier Hernandez, Xabi Lopez Jabato, Maria Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Lasagabaster.