EAJren udal taldeak trenbidea lurperatzeko proiektu proposamena aurkeztu du

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 15a, 10:00
Xabier Txurruka alkatea, lur azpiko trazaduraren proposamenarekin. (Aritz Mutiozabal).

Jeltzaleek "teknikoki bideragarria" den lurpeko trazadura bat proposatu dute Iritako Plan Orokorraren aldaketan. Epe luzerako "erabaki estrategikoa" dela iritzi dio Xabier Txurruka alkateak.

Zarauzko Udala Irita-Amillubi eremuko plan orokorra aldatzeko lanei ekin die, eta EAJko udal taldeak iritzi dio orain dela "trena lur azpira sartzeko konexio-arazoak konpondu, zuzendu eta irtenbide txukun bat" emateko une egokia. Hori horrela, trenbidea lurperatzeko proiektu proposamena aurkeztu du planean, eta atzo eguerdian Xabier Txurruka alkateak horren berri eman zuen udalbatzar aretoan.

"Azken bi agintaldian egindako aurrerapenei esker, 2015ean ez aurrera ez atzera geratu zen korapiloa askatzeko modua topatu dugu". Nabarmendu zuenez, "teknikoki bideragarria" den lurpeko trazadura bat proposatzen du, eta Plan Orokorraren hurrengo berrikuspenean txertatzea aurreikusten du, "ondoren, ETSk egoki deritzonean, proiektua idazteko eragozpenik izan ez dezan”.

Txurrukak azaldutakoaren arabera, trazadura Bizkaia kalearen azpitik joango litzateke Igerain parkera arte; Oriotik etortzerakoan, Irita parean lurperatuko litzateke, gasolindegi ondoko zubitik. Guztira, 4,5 kilometro luze lur azpitik. EAJ udal taldeak ostegunean aurkeztu zien proiektu proposamena gainerako udal taldeei, eta datozen egunetan gauza bera egingo du ETSko arduradunen aurrean.

EAJren ustez, herriko bi geltokietan egiten ari diren hobekuntza lanak, Paxo azpibidea edo Santa
Lanpardoko igogailua ez dira kontrajarriak orain aurkeztu duten proiektuarekin, ezta esku artean duten Hegoalde-Mitxelena azpi-pasabidearen proiektua ere. “Gure ustez, hobekuntza horiek beharrezkoak dira egungo beharrei erantzuteko". Alkateak dio ez direla "bateraezinak" helburu nagusiarekin, hau da, etorkizunean ETSk trenbidea lurperatzea Zarauzko hirigunea igarotzean.

Erabaki estrategikoa

"Baina helburu hori ETSren finantziazio-ahalmenaren eta programazioaren menpe egongo da”. Hori horrela, data bat zehaztea ezinezkoa da gaur egun; izan ere, "hau epe luzerako erabaki estrategikoa da", Txurrukaren hitzetan, eta "gaur egun, ETSk beste lehentasun batzuk ditu, adibidez, Donostiako Metroa".

Oposizioaren aldetik jasotako kritikei ere erantzun die alkateak: "Behin eta berriz entzun behar izan dugu agintaldiko sei urte hauetan trena lur azpian sartzeko asmoa alde batera utzi dugula eta ez dugula aurrerapausorik eman etorkizunean hori ahalbidetzeko”. Azken hilabeteetan Mitxelenako bizilagunekin sortu den auzian inolako momentuan ez dute proposamenaren berri eman jeltzaleek. “Orain arteko aurrerapenak kontatu ez izanak ez du esan nahi geldirik egon garenik. Izan ere, egin dugu eta asko egin dugu, ETSren informazio-azterlanak Zarauzko ekialdean zituen arazoak konpontzeko”, argitu du Txurrukak.