Dozenaka lagunek salatu dute Tuteran gertatutako azken erailketa matxista

Mireia Galarza Bastida 2022ko urt. 15a, 11:44

Astelehenean aurkitu zuten ustez bikotekideak hil duen Sara Pina tuterararren gorpua, eta erailketa salatu zuten atzo iluntzean herritarrek Eraso sexisten aurrean autodefentsa feminista lelopean.

 

Zarauzko Morroxkek, Bilgune Feministak eta Euskal Herriko Mundu Martxak antolatuta, dozenaka herritarrek salatu zuten atzo iluntzean Lege Zaharren Enparantzan Euskal Herrian izan den azken erailketa matxista.

Astelehen goizean, 38 urteko Sara Pinaren gorpua aurkitu zuten Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuteran, Iruñea pasealekuko etxe batean. Labanaz egindako zauriak zituen hilotzak sabelaldean. Emakumearen senarra izan da hasieratik susmagarri nagusia, eta Boisredon herrian (Frantzia) atxilotu zuten asteazken eguerdian. Ikerketaren tesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea, baina Tuterako epaitegiak ikerketa sekretupean jarri du.

Zarautzen ez ezik, beste hainbat herri eta hiritan salatu dute hilketa matxista. Zumaian ere atzo egin zuten elkarretaratzea, eta Azkoitian eta Azpeitian, egun batzuk lehenago atera ziren kalera herritarrak.