"Udalari dei egiten diogu denon onerako izango den irtenbide bat hartzera"

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 17a, 17:30

Merkatu plazako erabiltzaileek ondorengo idatzia helarazi dute Zarauzko Hitzara, udalak Merkatu plazan egitekoak dituen berritze lanen inguruko desadostasunak azaltzen.

"Zarauzko merkatu plaza, herri honen izaeraren parte da, halaxe zen eta hala izaten jarraitzen du gaur egun ere. Bertako barazki, arrain, fruta, haragi, gazta, lore eta beste hainbat produktu eskura jartzen zaizkio datorrenari gertutasunean oinarritzen den hartu emanean. Hau baina, ezinezkoa litzateke postu itxi zein irekietan gabiltzan erabiltzailerik gabe. Eguna joan eta eguna etorri geure lanak ematen dio zentzua merkatuari eta uste
dugu geure hitzak baduela bere balioa.

Azken obrak egin zirenetik 12 urte pasa dira jada eta ordutik hona hainbat gabezi antzeman ditugu bertan lanean genbiltzanok. Udalaren aldetik, ordea, kasu askorik ez zaigu egin izan behin baino gehiagotan kexa eta eskaerak adierazi arren. Izan ere, otsailean astekoak diren merkatuko eraberritze lan hauetan ere, ditugun arazo nagusiei ez zaie heldu. Honela, gure ezinegona adieraziz idatzi bat aurkeztu genion udalari duela zenbait aste; obren gaineko desinformazioa salatuz eta gure iritzia kontuan hartua izan zedin eskatuz. Ez dugu baina behar bezalako erantzunik jaso eta badirudi gu gabe aurrera doala obren martxa.

Bertako erabiltzaileok, ordea, argi dugu: obren inguruko gorabeheren gainean eta obrak dirauen bitartean eskainiko zaigun alternatibaren inguruan, gure proposamen eta eskaerei udalak ezin diela bizkarrik eman. Gure ustez, batetik, merkatu plazako obrak bertako erabiltzaileon proposamenak kontuan hartuz egin beharko lirateke eta bestetik, hasi eta bukatu fase bakarrean gauzatu. Azkenik, eraberritze lanak burutu bitartean merkatua itxita egongo denez, bertako postu itxi zein irekitako erabiltzaile guztioi irtenbide bateratu bat eskaini beharko litzaiguke.

Honegatik guztiagatik udalari dei egiten diogu alde guztiak entzun eta denon onerako izango den irtenbide bat hartzera".

Merkatu plazako erabiltzaileak:
Argointxiki baserria, Aitan toldua, Jesusa frutategia, Gurmendi baserria, Native kafe artisaua,Pagoa loradenda, Menoska, Kukulu harategia, Juantxo Gaztak, Itulazabal baserria, Basabe, Lakumia baserria, Zabala Gaztak, Ametsola, Baso beltz baserria, Margarita Azkue, Etxeberri baserria, Benetako berezia harategia, Itziar arrandegia, Batela arrandegia, Xelina urdaitegia.