Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburren saria irabazi du Bertol Arrietak

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 18a, 13:35

Euskarazko kategorian bi gidoi nagusitu dira; idazle zarauztarraren lanaz gain, Mikel Fernandino lasartearrarena ere saritu dute.

Gaur goizean jakinarazi dituzte Cafe Bar Bilbao XIX. Antzerki Laburren lan irabazleak. Euskarazko atalean, epaimahaiak saria ex aequo ematea erabaki du, hau da, Bertol Arrietaren Zure sotoko ardoa eta Mikel Fernandinoren Deus ex twingo lanak saritzea. Guztira, 29 gidoi jaso dituzte aurtengo lehiaketan; horietatik zortzi euskaraz eta 21 gaztelaniaz.

Zenbait narrazio liburu argitara eman, eta iaz Gezurra berdaderoa lehen nobela kaleratu ostean, honakoa Arrietaren estreinako antzezlana da. Udaberriko ekaitz batek harrapatuta taberna berean aterpe hartzen duten Xabi eta Arantxaren istorioa kontatzen du Zure sotoko ardoa obrak. Hain zuzen ere, bikote izan ziren garai batez. Elkarrekin bizitako uneak oroitzen hasiko dira, baita elkarren trapu zaharrak ateratzen ere.

Bi gidoi irabazle horien irakurketa dramatizatua Bilboko Lautan Hiru jaialdian taularatuko dute, Tartean teatro konpainiaren eskutik. Gainera, Bilboko Pabiloi 6 aretoko Antzerki Arineko Jardunaldietan parte hartzeko ekoizpenerako laguntza jasoko dute.