COVID funtsetatik eratorritako 782.790 euro jasoko ditu Zarauzko Udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 18a, 14:20

Gipuzkoako Foru Aldundiak 62,9 milioi euro jaso ditu Espainiako Estatuak pandemiaren eraginek sortutako ezohiko gastuei aurre egiteko banatutako diru poltsatik, eta horietatik 25,1 milioi lurraldeko udalen artean banatzea erabaki du.

Hego Euskal Herriko erakundeek ezohiko diru ekarpena jasoko dute pandemiak aurrekontuetan eragindako kalteei aurre egiteko. Espainiako Estatuak eratutako COVID funtsetik eratorritako ekarpen horiek lurralde historikoen artean proportzionalki banatzea erabaki zuen Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak joan den abenduaren 28an, eta banaketa horren arabera, 188 milioi euro ziren, guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean banatu beharrekoak. Horietatik 62,9 milio eskuratu ditu Gipuzkoak.

Joan den astean Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen kopuru horren %40,21,5 milioi euro lurraldeko udalerrien artean banatzea erabaki zuela. Banaketa hori ere modu proportzionalean egin du aldundiak, udalak finantzatzeko foru funtsa (UFFF) banatzeko erabiltzen dituen irizpideak jarraituz. Horrenbestez, Zarauzko Udalak COVID funtsetik eratorritako 782.790 euro jasoko ditu.

Osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak bezalako "oinarrizko zerbitzu publikoak" indartzeko ez ezik, "beste eskumen batzuk baliatzeko ere" erabili ahalko dute udalek COVID funtsaren ekarpena, aldundiak azaldu duenez. Zarauzko Udalak adierazi du "oso berri ona" dela, eta "aztertu" behar duela diru hori zertarako erabili.