Herriko hainbat idazlek babesa adierazi diote Mikel Antzari

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 18a, 17:00
(Argazkia: Dani Blanco / Argia)

Ehundik gora euskal idazle eta editorek 'Eman bakea' adierazpena egin dute gaur goizean Donostian, preso ohiaren auzipetzearen aurka.

Hainbat euskal idazle eta editorek agerraldia egin dute gaur goizean Donostiako Bulebarreko kioskoaren aurrean, Mikel Albisu Antza idazle eta preso ohi donostiarrari babesa adierazteko. Espainiako Auzitegiak abenduan auzipetu zuen Albisu, Gregorio Ordoñezen hilketaren harira, eta, hain justu ere, salaketa horren aurkako Eman bakea adierazpena irakurri dute.

“Mikel Antzak 20 urteko kondena betea dauka Frantzian. Orain, Espainian berriro ere zigortu nahi dute, Frantzian bete duen zigorraren arrazoi berdintsuengatik, inolako froga materialik gabe. Euskal Herrian askatasuna eta bakea behar dugu. Ia hiru urte dira Mikel gure artean dagoela, bere sorkuntza libreki eskainiz. Idazki hau sinatzen dugunok geure artean jarrai dezan nahi dugu”, azpimarratu dute.

Adierazpena gaur publiko egin dutenean, 124 idazle eta editorek zuten izenpetuta; horien artean, hainbat ziren eskualdekoak: Alex Gurrutxaga, Andoni Egaña, Aritz Mutiozabal, Asier Serrano, Ekhine Eizagirre, Gorka Arrese, Imanol Epelde, Imanol Murua Uria, Jon Benito, Leire Lopez Ziluaga, Martin Etxeberria, Xabier Etxeberria eta Yoseba Peña. Adierazpena sinatu dutenen zerrenda gaurkotua Amarauna webgunean dago ikusgai.