Urtebetean langabezia tasa puntu bat baino gehiago jaitsi da Zarautzen

Andoni Elduaien - Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 19a, 09:00

Lanbidek emandako datuen arabera, %7,3koa da herriko langabezia tasa. 2020ko abenduaren amaieran, berriz, %8,4koa zen. Joan den hilabetean 841 lagun zeuden lanik gabe.

Urtebetean behera egin du Zarauzko langabezia tasak. Lanbidek emandako datuen arabera, 2021eko abenduaren amaieran langabezia tasa %7,3ean kokatu zen; urtebete lehenago, 2020ko abenduaren amaieran, 1,1 puntu altuagoa zen tasa (%8,4).  Urola Kostako eskualdeko langabezia tasaren (%7,5) parekoa da Zarauzkoa, baina Gipuzkoako (%8,7) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasaren bataz bestekoaren (%10,7) azpitik dago.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, 2021aren amaieran 841 lagun zeuden lanik gabe. Langabe horietatik guztietatik 359 (iaz, 444) gizonezkoak ziren, eta 482 (iaz, 523) emakumezkoak. . Lanbidek zehaztutako adin tarteei erreparatuta, ostera, 2021eko abenduan 25 urtetik beherakoen artean 77 lagun –40 gizon eta 37 emakume– zeuden langabezian; 25 eta 44 urte bitarteko 339 herritar –142 gizon eta 197 emakume–; eta 45 urtetik gorakoen artean 425 lagun –177 gizon eta 248 emakume–.

Langabeziaren datuak sektoreka nolakoak diren ere zehaztu du Lanbidek: 27 ziren nekazaritza sektorekoak, 140 industriakoak, 31 eraikuntzakoak eta 582 zerbitzuetakoak. Horrez gain, 61 lagun zeuden lehendik enplegurik gabe.