Apirilaren 8ko goizaldean igaroko da Zarauztik 22. Korrika

Julene Frantzesena 2022ko urt. 19a, 11:33

04:26 aldera iritsiko da euskararen aldeko marea herrira, Getaria aldetik, eta ondoren Oriora jarraituko du, aurreko edizioan bezala. Eskualde osotik pasako da egun horretan: goizaldean Zestoatik barrena kostako herrietara, eta eguerdian, berriz, Errezildik Azpeitira, eta handik Azkoitira, azkenik. 

AEK-k gaur jakinarazi du 22. Korrikaren ibilbidea, eta Urola Kostatik apirilaren 8an, ostiralez, igaroko da. Zarautzera Getariatik barrena iritsiko da euskararen aldeko aldarria, goizaldean; 04:26an, arduraduneki zehaztu dutenez.

Eskualdeko herrietatik, berriz, bi ordu tartetan pasatuko da: goizaldean Zestoatik, Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik; aldiz, eguerdian igaroko da Korrika Errezildik, Azpeititik nahiz Azkoititik.

Martxoaren 31n hasiko da Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Euskal Herrian barrena ibilita, apirilaren 10ean Donostian bukatuko da. Ohi bezala, eskuz esku ibiliko da mezu sekretua daraman lekukoa 11 egunez.

Hitzekin izango da egitasmoaren leloa, AEKren arabera, “euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea delako”. Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte aurtengoan, “egindako ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik”. Korrikaren 22. aldiak iraungo duen 11 egunetan, 2.500 kilometro egingo dituzte parte-hartzaileek.

Honako hau da 22. Korrika eskualdeko herrietatik apirilaren 8an igaroko den ordutegia –honako lotura honetan ikus daiteke ibilbide osoa–:

  • Zestoa: 01:30ean.
  • Zumaia: 02:58an.
  • Getaria: 03:55ean.
  • Zarautz: 04:26an.
  • Orio: 05:21ean.
  • Errezil: 12:26an.
  • Azpeitia: 13:26an.
  • Azkoitia: 14:07an.