GKSk Bilbon deitutako manifestaziora joateko autobuserako txartelak eskuragarri daude

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 20a, 12:30
GKSk iaz antolatutako elkarretaratzea. (Hitza)

Asteburu honetan infoguneak ipiniko dituzte mobilizazioaren berri emateko Lege Zaharren enparantzan nahiz malekoian, eta batzar irekirako deia ere egin dute.

Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazio nazionalak deitu ditu urtarrilaren 29rako Bilbon eta Iruñean, Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa gelditu! lelopean. Eskualdeko herritarrei Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete Urola Erdiko eta Kostako GKSk. COVID-19aren aitzakipean eta komunikabide nagusien eta alderdi politikoen babesarekin hartutako neurrien atzean, «burgesiaren ofentsiba ekonomikoa eta politikoa» ezkutatzen dela uste dute GKSko kideek, eta «pobreziaren gorakada eta eskubideen ezabapenak normalizatzen» ari direla. Hain zuzen ere, iritzi artikulu hau igorri zuten hedabide honetara koordinadorako hiru gaztek, mobilizatzeko arrazoiak azaltzen.

GKSk autobusa antolatu du Zarauztik Bilbora joateko, eta nahi duenak Geltoki tabernan eskuratu ditzake bertaratzeko txartelak, 5 euroan. Horrez gain, koordinadorak jakinarazi du asteburu honetan infoguneak eta bilera irekia egongo direla Zarautzen. Zehazki, larunbatean 12:00etatik 17:30era Lege Zaharren enparantzan eta igandean 11:00etatik 14:00etara malekoian jarriko dituzte infoguneak, eta larunbatean 17:30ean batzar irekia egingo dute plazan bertan.