L'Humanité egunkari komunistaren 1937ko apirilaren 28ko azalean, elkarren aldamenean ageri dira Gernikako bonbardaketaren albistea eta Antonio Gramsciren heriotzarena (Ales, Sardinia, 1891 -Erroma, 1937). Bezperan zendua zen tradizio marxistako pentsalari nabarmenetako bat izan zena, kartzelarik atera eta hiru egunera. Hain zuzen, bere bizitzako azken hamarkada preso eman zuen, eta espetxean eskutitz ugari idatzi zituen. Horiek euskaraz irakur daitezke orain, Gramsciren Kartzelako gutunak liburua plazaratu baitu Katakrak argitaletxeak. Espetxean euskaratu ditu gutunok Ekaitz Sirvent euskal presoak, eta Josu Zabaletak zuzendu du lana.
Sardinian sortua, Turinen hazi zen Gramsci, zeina garaiko Italiako hiri industrializatuena zen, eta italiar politikako «toki nabarmenena» Lehen Mundu Gerrako ingurumarian, Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak gogorarazi duenez. Hizkuntzalaritza ikasketak egin zituen, baina gerra piztu zenez, ezin izan zituen akademikoki bukatu. Edonola ere, Etxartek azaldu du bere bizitza osoan hizkuntzari, kulturari eta arteari buruzko gogoetek lagundu zutela. Halaber, Italiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, baita alderdiko idazkaria eta diputatua ere. Faxismoa boterean zela, 1926an, preso sartu zuten. «Nazioartean oso ezaguna egin zenean, bere atxiloaldian, 1920ko hamarkadan, lehen erreakzioa gehiago da errepresioaren aurkako elkartasun mugimendu batetik, eta ez hainbeste haren pentsamendutik. Baina garaian ja Italian bera da iraultzaren teoriko nagusietako bat, bereziki Turingo greben kontura sortzen hasten diren lantegietako kontseiluen inguruko teorizazioa egiten duelako, batetik, eta nolabait berak ekartzen duelako Mendebaldera Errusian indar handia duen hegemoniaren kontzeptua, bestetik».
Idatzita utzi zituen hausnarketen artean daude haren gutunetan jasotakoak. Orain arte, Koldo Izagirrek itzulitako eta 2017an sareratutako sei baino ez zeuden euskaraz irakurgai. Liburuan, berriz, 218 bildu dituzte —horiek halako bi baino gehiago ere idatzi zituen, Etxartek azaldu duenez—. 1947an eman zituzten lehen aldiz argitara, Gramsci hil eta hamar urtera, Einaudi etxearen eskutik. Gutunetako 218 hautatu zituen Palmiro Togliattik edizio hartarako, eta horiek dira itzulitakoak.
Gramscik kartzelan idatzitako gutunak kartzelan euskaratu ditu Ekaitz Sirventek. Lana argitaratzea erronka bat izan dela aitortu du Etxartek, ez zekitelako nolakoa izango zen prozesua, baina baita Katakraken orain arteko lan luzeena delako ere. Josu Zabaletaren zuzenketa lana ere nabarmendu du; azaldu du Sirventen itzulpenak eta hark zuzendutakoak italierazko jatorrizko testuekin alderatzeko, parez pare jarri zituela, eta hautu bat eginez kanpoan utzitako gutun zatiak zein ziren ere zehaztu zuela.