Txikitatik ereindako interesak arakatzen

Mireia Galarza Bastida - Gipuzkoako Hitza 2022ko urt. 23a, 09:00

Fermin Alvarez zarauztarra doktoretza tesia egiten ari da, klima aldaketak Irlandako eta AEBetako itsas mailan duen eragina aztertuz. Aurreikusi du euskal kostaldean metro bat igoko dela itsas maila mende amaierarako, eta neurriak eskatu ditu.

Zarautzen jaio, eta gaur egun Irlandan bizi da Fermin Alvarez geologoa. Egungo klima aldaketak itsas mailan nolako eragina duen aztertzen dihardu; zehazki, Irlandako eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) kostaldeetan zer eragin daukan. “Zarauztarra izanda, beti eduki izan dut itsasoaren inguruko interes berezia”, azaldu du Alvarezek berehala. Hala, unibertsitateko gradua aukeratzeko momentuan, “zalantza asko eduki arren”, Geologia gradua ikastea erabaki zuen, eta ondoren espezializatu zen itsas inguruneetan.

Masterra amaitu berritan doktoretza tesia egiteko pare bat aukera sortu bazitzaizkion ere, “ikasten jarraitzeko nekatuta” sentitu zuen bere burua, eta enpresa pribatu batean hasi zen lanean, ikerketarako grinak bere horretan jarraitzen zuen arren. Hala, Irlanda aldean sartu zitzaion tesia egiteko harra. “Duela bi urte, Dublingo Trinity College unibertsitatean, aukera eman zidaten tesia egiteko”, zehaztu du. Ia-ia batere pentsatu gabeko erabakia izan zen, baina ez dauka damurik baiezkoa emateagatik: “Lehen ez bezala, orain, egunero, gustura joaten naiz lanera”.

Hasierako malda, “zaila”

Bizilekua aldatu eta ia bat-batean, ordea, pandemia iritsi zen, eta horrek “zaildu” egin zion tesiaren aurreneko malda Alvarezi. Zarautzera itzuli, eta etxetik jarraitu behar izan zuen lanean. “Hasierako fasean informazio asko lortu behar izaten da, gure ikerketa motarako mundu mailan erabiltzen dituzten tekniken informazioa aurkitu behar izaten baitugu hasieran, eta, hori egiteko, logelan sartuta pasatzen nituen orduak eta orduak. Gainera, nire tutorea ia ezagutu ere ez nuen egiten, eta neure buruari asko eskatu nion garai hartan; hala gogoratzen dut hasiera hura”, gaineratu du.

Egoera hobetu zenean, Irlandara itzuli zen Alvarez, behin teknika zehaztuta, aztertutakoa praktikan jartzeko. Sorberritze geologikoak egiten dituzte, itsas maila urteetan nola aldatu den ulertzeko, eta igoera horretan hainbat faktorek nola eragiten duten ikusteko.

“Beste tesi batzuek, agian, liburu aurreko askoz lan gehiago izaten dute, baina landa lan handia dago nire kasuan, eta asko gustatzen zait hori”. Esan du “lagin pila bat hartuta” horiek guztiak aztertu egin behar izaten direla gero, “eta ondoren emaitzak idatzi, jasota geratzeko”.

Alvarezek bi urte inguru daramatza taldean ikertzen, eta AEBetara ekainean joango dira, baina badituzte jada Irlandako lehen emaitzak. Nagusia izan da frogatzea euren teknika balekoa dela. “Dena den, horrelako ikerketetan, emaitza nagusiak bukaeran etortzen dira normalean. Beraz, beste bi urte inguru itxaron beharko dugu AEBetako itsas mailaren joera zein den ikusteko”.

Alderaketak egingo dituzte ondoren, eta emaitzak aterako dituzte azkenik. “Jakina da, ordea, itsas maila igotzen ari dela pixkanaka; Irlandako kostaldean egindako ikerketan, datuen bidez frogatu dugu guk hori”.

2100erako, metro bat gora

Igoera, ordea, ez da homogeneoa izango leku guztietan, eta hori ulertzeko adibide bat jarri du Alvarezek: “Euskal kostaldea eta Mediterraneo itsasoa gertu daude, baina korronteek, haize masa handiek edo poloen urtzeek, besteak beste, desberdin eragiten dute batean eta bestean”.

Hark emandako datuen arabera, 2060rako 30 zentimetro inguru igoko da itsas maila euskal kostaldean, eta, XXI. mende bukaerarako, ia metro bat. Zarauztarrak ez du katastrofista izan nahi, baina ohartarazi du neurriak “ahalik eta azkarren” hartu behar direla. “Mundu mailako arazoa bada ere, irtenbide lokalak behar ditu arazo honek”.

“Irlandako erakundeek interes handia dute ikerketan”, azaldu du zarauztarrak; “neurri handi batean, irla bat delako, eta itsas mailaren edozein aldaketa nabarituko dutelako”. Dena den, klima aldaketa “guztien ardura” dela gogoratu du. “Eta denok aztertu behar dugu arazo hori nola landu nahi dugun eta zer irtenbide eman nahi diogun. Berandu baino lehen hartu behar dira erabakiak”.