Iritzia: "Itsasoa"

Andoni EgaƱa - Berria 2022ko urt. 21a, 16:30
'Itsasoa hemen hasten da'. (Aritz Mutiozabal)

Andoni Egañak gaurko Berria egunkarian argitaratutako iritzia da honakoa, Hitz Etzanak zutabean.

Kanpotarra zen. Nor ez dut gogoan, hori baita gutxienekoa. Reala entrenatzera etorria, Donostian hilabete batzuk eman ondoren elkarrizketa batean ea hirian gehien zerk harritu zuen galdetu zioten. Ezustean harrapatu ninduen erantzunak. Ez zuen Kontxa aipatu; ez zuen aipatu Aquariuma, ez Oteitza edo Txillidaren artelanik; ez zuen belarririk euskararentzat. Taberna-zoluak aipatu zituen. Harriturik geratu omen zen lehen aldiz Parte Zaharreko taberna batean sartu eta zolua zotzez, paperezko ezpainzapi ximurtuz eta gainerako hondakinez betea sumatzean.

Ez zen, jakina, tabernarien kuxidade faltaz ari. Gutaz ari zen. Bezeroez. Guri erabat arrunt gertatzen zaigun horrek atzerakoa eragin zien arrotz-begi haiei. Ez zitzaion buruan sartzen nola zitekeen...

Ezustean harrapatu ninduen, halaber, gure herriko estolda-zuloen azaleran udalak jarritako esaldiak. Kalean nenbilen, eta hondartzatik laurehun metrora nengoen estrainekoa ikusi nuenean. «Itsasoa hemen hasten da». Zer? Nola hemen hasten dela itsasoa? Tokitan dago! Segundo batzuk behar izan nituen erreakzionatzeko. Ideia ona iruditu zitzaidan. Akaso, soberan egotekotan, ondorengo esaldia dago soberan: «Mesedez, ez ezer bota». Geuk atera behar genuke ondorioa inoren erreguen zain egon gabe.