Emakumeen* Etxearen izenean Lilatoian parte hartzeko deia egin du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 25a, 12:30
2020ko Lilatoian zarauztar ugarik hartu zuten parte. (Utzitakoa)

Martxoaren 6an izango da aurtengo Lilatoia, ohi bezala, Donostiako kaleetan barrena. Etzi zabalduko da lasterketan izena emateko epea, eta Zarauzko Udalak dei egin die parte hartu nahi duten emakumeei, Emakumeen* Etxearen izenean lasterka egin dezaten.

32. aldiz korrituko da Lilatoia datorren martxoaren 6an, Donostian. Udalak deia luzatu die parte hartu nahi duten emakumeei Zarauzko Emakumeen* Etxearen izenean lasterka egin dezaten. Hala eginez gero, bertan jaso ditzakete kamiseta eta dortsala.

Ostegunetik aurrera eman ahalko da izena Lilatoian. Horretarako, lilaton.es web orrian eskuragarri jarriko duten izena emateko fitxan, Taldea atalean, Zarauzko Emakumeen* Etxea jarri beharko da. Kamiseta eta dortsala Donostiako Casa de la Mujer-en jaso nahi dela zehaztu beharko da, baina udalak azaldu duenez, Zarauzko Emakumeen* Etxean jaso ahalko dute hala egiten dutenek. Ondoren, Zarauzko Parekidetasun departamentura mezu elektronikoa bidali beharko da (berdintasuna@zarautz.eus), datu hauek adierazita:

  • Izen-abizenak.
  • NAN zenbakia.
  • Kamisetaren neurria.

Parekidetasun departamentuak jakinaraziko dio izena eman duenari zein egunetan joan beharko duen kamisetaren eta dortsalaren bila.