Estitxu Ortolaiz: "Galtzen ari den lan bat azaleratu nahi dut"

Enekoitz Telleria Sarriegi- Berria 2022ko urt. 26a, 10:00
Ontzi bat da, esamolde bat da, eta arrantzalearen azalean jarri nahi bat da 'Axalian'. Izen hori jarri dio Ortolaizek Zarauzko Photomuseumen paratu duen erakusketari: «Mundu eder bat da itsasoa». Berria egunkarian egin diote elkarrizketa.

«Kresal usaina dario». Halaxe idatzi du bisitari batek erakusketako koadernoan. Eta nekez deskribatu daiteke hobeto Estitxu Ortolaizek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1975) ondu duen erakusketak sorrarazten duen sentsazioa. Itsasontzi bat baita Axalian, aitonarena eta osabena; esamolde bat baita axalian, arraina ur azalean dagoela adierazten duena; eta larruazal bat baita axalian, arrantzale jardunarena. Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumen dago ikusgai, otsailaren 27ra arte.

Erakusketa ikusita, lehen ondorioa: itsasoan ez zara mareatzen.

Ez da hala. Mareatu nintzen. Eskerrak biodraminari. Aurreneko aldiz joan nintzenean, esan zidaten proba egiteko hura hartu gabe, baina oso itsaso txarra zegoen, eta segituan mareatu nintzen. Behin sei egun daramatzazunean, hirugarrenetik aurrera, ez duzu behar.

Erakusketa ikusita, bigarren ondorioa: asko maite duzu itsasoa.

Pila bat, eta txiki-txikitatik. Madrilen ikasi nuen argazkilaritza. Handik bueltatzen nintzenean, lehen gauza izaten zen, etxetik pasatu ere egin gabe, kaira joan, itsasoa ikusi, usaindu, eta etxera joatea.

Zer ematen dizu, bada?

Lasaitasuna. Baretu egiten nau.

Axalian ez da erakusketaren izena bakarrik. Zer gehiago da?

Nire osaben itsasontzietako baten izena da Axalian. Eta bada esamolde bat ere arrantzaleek erabiltzen dutena esateko arraina axalian dagoela, gosea duela, eta arrantzatuko dutela. Eta izan da arrantzaleen axalian jartze bat ere.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.

Erlazionatuak

'Axalian' erakusketa ikusgai dago Photomuseumen

Mireia Galarza Bastida 2022 urt 15 Zarautz