Energia-komunitateen proiektua bultzatu nahi du Zarauzko PSE-EEk

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 26a, 10:40

Udal eraikinetako teilatuetan plaka fotovoltaikoak jartzea proposatzen dute, energia berriztagarri gisa. Era berean, herritarren elektrizitate-faktura murriztu litzatekeela diote sozialistek.

Zarauzko PSE-EErentzat funtsezkoa da energia berriztagarriak erabiltzea klima aldaketa geldiarazteko. Hori horrela, energia-komunitateen bideragarritasuna bultzatzeko eta aztertzeko lehen urratsak egiten ari dira Udal Gobernuan. Sozialisten bozeramaile eta Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek adierazi duenez, herriko udal teilatuak aprobetxatu nahi dituzte plaka fotovoltaikoak jartzeko.

Plaka horien ekoizpen elektrikoa zuzenean bideratuko litzateke inguruko etxebizitza eta dendek osatuko luketen komunitatera. Proiektu horren bidez, energia-sistema aldatu nahi dute eta, aldi berean, autokontsumoa bultzatu eta, bidez batez, herritarren elektrizitate-faktura murriztu; haien kalkuluen arabera, %20 inguru aurreztuko litzateke urtean.

Gainera, Espainiako Gobernuak energia-komunitateen sorrera sustatzeko dirulaguntzen deialdia argitaratu berri du, eta sozialisten ustez, momentu egokia da proiektua martxan jartzeko Zarautzen. "Horrek instalazioen %60ko aurrezpena suposatuko luke".

Esaterako, 300 plaka fotovoltaiko jarrita, energia berdea eman dakieke 175 etxe eta
denda txikiri autokontsumo erregimenean. Modu honetan, faktura elektrikoan aurrezteaz
gain, “25 urtean zehar km0-ko energia deskarbonizatuko 2.880 MWh sortuko lirateke. Hala,
atmosferara 1.028 tona CO 2 isurtzea saihestuko litzateke, hau da, udalerrian aireko CO 2 a
xurgatuko luketeen 4.110 zuhaitz landatzearen parekoa”, azaldu du Vazquezek.

Proiektua beharrezkotzat jo du eta Zarauzko Udala lantzen ari den ingurumen-politikarekin “ezin hobeto” egokitzen dela azpimarratu du: “Klima-aldaketaren eta berotze globalaren aurka borrokatzeko eta ingurumena errespetatzen duen Zarautz lortzeko ezinbestekoa da”. Gainera, udalaren energia-menpekotasuna murriztuko litzateke dio.

Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, energia komunitateen proiektuak herritarrak jartzen ditu
"energiaren kudeaketaren erdigunean", horren kontrola hartuz eta energiaren ekoizpen eta
kudeaketaren kontzepzio berri bat bultzatuz.