ETSk atzera egin du eta Lapurdi kalean eraikiko du bigarren trenbidea

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 27a, 16:02
(Aritz Mutiozabal)

Herritarrak kontuan hartuta eta udalarekin adostuta hartutako erabakia izan da, ETSk jakinarazi duenez.

ETS Euskal Trenbide Sareak iragarri du Mitxelena aldetik igarotzen den trenbidearen egungo trazadurari eutsiko diola. Ondorioz, ez dute Mitxelenarantz egingo bigarren trenbidea, eta trena ez da etxeetara gehiago gerturatuko. «Herritarren sentsibilitatea» kontuan hartuta eta Zarauzko Udalarekin ados jarrita hartutako erabakia izan dela jakinarazi du ETSk. 


Bigarren erraila Lapurdi kalerantz eraikiko dute, egungo trenbidearen iparraldean. Ehun metroko maniobra trenbidea izango da, zehazki. Dagoeneko lanean hasiak diren bidegorri eremuan–udal lursailetan– joango da; bidegorria obren amaieran berreskuratuko dute. Bigarren trenbideak noizbehinkako erabilera izango du, Donostialdean trenbide sareko mantentze lanak egiteko. Alde horretatik, eragin akustikoak ez duela aldaketarik izango zehaztu du ETSk.


Hurrengo lanak izango dira oraingo geltokia eraistea, trazadura aldi baterako zuzentzea eta obrek irauten duten bitartean zerbitzuarekin jarraitzeko behin-behineko geltokia eraikitzea.